Teileriko zabala sasiz garbitu du udalak

Guaixe 2024ko api. 30a, 09:00

Emakumezko korrikalaria Teileriako zabalean.

Berez heldu den bertako haritz landareak babesteko eremuak markatu ditu udalak, beste batzuek egurren laguntzaz gidatu ditu. Basoa zeharkatzen duen argindar linea konponduko dute udaberrian. Bargako gaztainondoak berreskuratzeko lanak hasi ditu udalak ere. 

Urdiaingo baserrien ondoan, Teileria zabalen, dagoen basoa sasiz bete da denbora gutxian. Horren jakitun, Urdiaingo Udalak hura garbitzea erabaki du, "handik jende asko paseatzen delako, eta azienda dutenek ere bazkatokia behar dutelako", azaldu du David Oroz Alonso alkateak. Herriko abeltzainekin hitz egin dute dagoeneko sasi garbiketaz eta ondorengo kudeaketaz. Garbiketa lan horiek zortzi hektareako eremuan egin dira eta 7.040 euroko aurrekontua du. 

Aldi berean, basozainekin elkarlanean ari da Urdiaingo Udala. "Proba moduan duela bi urte eskuarea pasa zen, han zeuden ezkurrak zabaltzeko eta ematen ari da, berez datoz haritzak". Horietako batzuk babesteko, basozainek Teileriako zabalgo eremu batzuk zintaz markatu zituzten. "Horietan ez da sasirik garbitu, berez heldu diren haritzak babesteko. Gainera, handixeagoak diren haritz berrien ondoan makilak jarri dizkiegu, zuzen haz daitezen, eta garbiketa egiterakoan haiek ere ez mozteko", azaldu du Orozek. 

Bestetik, bargan dauden gaztainondoei ere erreparatu die udalak, eta "haiek laguntzeko lanean ari gara. Pagoak janda daudenez, etxerako egur loteak inguru hartan ematen ari gara, pago bakanketa egin eta gaztainondoek aurrera errazago egiteko", azaldu du alkateak. Auzolanean eta profesionalen laguntzaz ari dira gaztainondoen lanketa hori egiten. Dauden zuhaitz zaharrekin batera, berriak ere etortzea nahi dutela azaldu du Orozek. 

Linea eta teilatua
Urdiaingo basoa zeharkatzen duen argindar linea bat dago, elektrizitatez hornitzen dituena Sarabeko baserria eta igerilekuak. Eguraldiagatik eta denboraren joanagatik argindar linea horretako hainbat zutoin eroriak edo erdi eroriak daude eta, ondorioz, elektrizitatea daraman kablea zenbait tokitan askatu eta lurretik gertu dago. Linea pribatua da eta haren jabeekin hitz egin ondoren, alkateak jakinarazi du udaberrian txukunduko dutela. 

Udalak Nafarroako Gobernuaren aurrekontutik 90.000 euro jasoko ditu. EH Bilduren aurrekontu emendakin horren bidez Elizazpi frontoiko teilatutik amiantodun uralita kendu eta metalezko teilatu bategatik aldatuko du udalak. "Dagoeneko dokumentazioa aurkeztu diogu Nafarroako Gobernuari". Prezioen inflazioak ere eragin dio obra horri, 120.000 euroko aurrekontua zuenak 182.000 du orain, "baina ez gaude laguntza ukatzeko". Behin teilatua berritu ondoren udalaren asmoa da han argindarra sortzeko eguzki plakak jartzea.