Hizketan

Korrika gure herritik ikustea, gure nahia izan da

Larraitz Amadoz Lazkano 2017ko api. 7a, 09:29

Kontxi Mariñelarena, urritzolarra.

1. Lehen aldiz pasako da aurten Korrika Urritzolatik, nola jaso duzue albistea?Egia esan, ilusio handiz hartu genuen albistea. Gure artean beti hitz egin dugu honen inguruan, zergatik ez ote da Urritzolatik pasa?

Inguruko herrietatik, hau da, Errotz eta Izurdiagatik pasa egiten da beti eta gure herritik ez. Gainera, kilometroa urtero erosten dugu, hori ere esan beharra dago eta. Urtero leku desberdinetan jartzen ziguten kilometroa, Latasan edota Zuhatzun izan gara azkeneko edizioetan. Azkenean ailegatu zaigu unea, eta oso pozik gaude. Hemendik aurrera espero dugu noizean behin, Korrika Urritzolatik pasatzea.

2. Harremanik izan al zenuten antolatzaileekin egoera hau aldatzeko?
Uste dut baietz, gure semeak norbaitekin zer edo zer hitz egin zuen. Inguruan kilometro asko daudenez, beti onartzen genuen herritik ez pasatzearena. Hala ere, Korrika gure herritik ikustea, gure nahia izan da. Irurtzundik oso gertu gaude, eta elkarte txiki askok parte hartzen dute euskararen aldeko festa honetan.

3. Nola ospatuko duzue aurtengo korrika?
Afaritxo bat eginen dugu herrian, eta gero ikusiko dugu. Urritzolako jendea adinekoa da, beraz, afaldu eta gero mahai gainean lo-kuluxka txiki bat eginen dugu. Dena den, gure kilometroan parte hartzera joanen gara eta bakoitzak ahal duena emanen du.

4. Noren artean erosi duzue kilometroa?

Urritzola herri txikia da eta jende gutxi bizi gara, baina guk bakarrik erosten dugu kilometroa. Kontzeju gisa erosten dugu herritar guztien artean. Herriko garbiketak adibidez guk egiten ditugu eta horrela ez dugu ordaindu beharrik. Aurrezten dugun dirua Korrika bezalako ekitaldietarako gorde egiten dugu. Ahalegina egin beharra dago euskararen alde.

5. Non egin duzue Korrika beste urte batzuetan?
Azkeneko aldian Zuhatzun egokitu zitzaigun eta orain dela lau urte Latasa ondoan egon ginen. Normalean, gertu izaten ditugu kilometroak baina etxean denean, ezin hobeto.

6. Nola bizitzen duzue Korrika Urritzolan?
Denetarik dago, euskararen alde denok egiten dugu. Gazteek beste modu batera bizitzen dute, adibidez, eta adin pixka bat dugunok gure modura ere primeran pasatzen dugu. Oso gustura egoten gara denon artean eta ilusio handiz bizitzen dugu. Jende gutxi bizi gara herrian lehen esan dizudan moduan, gazte gehienak kanpoan bizi dira, baina Korrikaren egunean ziur Urritzolara etorriko direla.

7. Zenbat elkartzen zarete Korrikaren egunean?
Korrikaren egunean egunerokoan bizi garenak baino gehiago elkartuko gara. 12-13 pertsona inguru egoten gara bizitzen, eta egun horretan denak elkartzen gara. Oso giro ona sortzen da herrian.

8. Afari berezia prestatu al duzue?
Elkarte txiki bat daukagu, guretako oso aproposa, eta hantxe eginen dugu. Oraindik ez dugu menua prestatu, baina oso ongi moldatzen gara. Oso sukaldari ona daukagu eta lan egiteko prest dagoen jendea baita ere.

9. Urritzolaz aparte, beste norabait joanen zarete Korrikan parte hartzera?
Gazteak ziurrenik bai. Guk ahal duguna eginen dugu, gogo askorekin eta ilusioz beteta.

10. Iruñean bukatuko da 20. Korrika hau, gerturatuko zarete?
Urte batzuetan noski egon garela, baina azken boladan horrelako jendetza guretako gehiegi izaten da. Gazteak animatuko dira, horretaz ziur nago.

11. Noiz pasako da Urritzolatik?
Igande goizaldeko 2:48:31n.