Ibai Gonzalez

“Kontxan sorpresaren bat gerta daiteke; eta gu horretarako prest gaude”

Maider Betelu Ganboa 2021ko ira. 10a, 12:00

Kontxako Bandera oso estu dago, traineruen arteko aldea oso txikia baita. Orioko arraunlari urritzoldarrak lan ona egin dutela uste du, eta oraindik ere hobekuntzarako tartea dutela

Ibai Gonzalez Balenziagak 7 urte daramatza arraunean. Urritzolakoa San Pedron hasi zen, han 4 urte egin zituen, eta gero Oriora joan zen. Aurten San Nikolas traineruan 3 urte bete ditu eta denboraldiko hitzordu garrantzitsuenean murgilduta dago, Kontxako Banderan.

Pandemia dela eta, Kontxako Bandera ez da berdina, ohiko jai giroa falta zaio. Baina, hala ere, Kontxak badu zerbait berezia, ezta?
Bai. Berezia da, bai Donostiarako eta baita arrauna bizi duten herriendako ere. Oriorendako Kontxako Banderak zerbait berezia dauka. 

Kontxako Banderako gizonezkoen lehen jardunaldian Orioko traineruko arraunlarietako bat izan zinen. Bigarren txandan aritu zineten, eta estropada ona egin zenuten: laugarren denbora onena egin zenuten eta bigarren jardunaldirako ohorezko tandarako sailkatu zarete.
Bai, lan polita egin genuen, lan ona. Sailkapenari begira, ohorezko tandan Hondarribia eta Santurtzi ditugu aurretik, maila oso ona emanda, eta jarraian Zierbena eta gu gaude. Denboraldi honetan argi izan dugu nor garen, zein talde gauden, jende gazte asko daukagula, talde arina, eta plantilla murritza dugula, eta halako errealitatea izanda, lan polita egin dugula. 

Hondarribiko Ama Guadalupekoak egin zuen denborarik onena (19:06.32), Santurtzi 1,74 segundora dago, Zierbena 3,96 segundora eta Orio 8,50 segundora. 8 segundo asko dira?
(Kar, kar) Dena erlatiboa izan daiteke, baita kasu honetan ere. Lehenik eta behin igandean Kontxako Badian zer nolako pista edo egoera aurkitzen dugun ikusi beharko da. Itsasoaren arabera, azken batean 8 segundo ez dira ezer: olatu bat izan daiteke, edo batek bi olatu segidan hartzea eta besteak ezer ez hartzea. Guk argi duguna da hobekuntza tarte edo alde handia dugula eta ziurrenik igandean sorpresaren bat emango dugula. Pista nola dagoen ikusi beharko dugu, baina gu sorpresa hori emateko prest egongo gara. 

"8 segundo ez dira ezer: olatu bat izan daiteke, edo batek bi olatu segidan hartzea eta besteak ezer ez”

Zer da iragartzen dutena?
Ez dut oraindik begiratu. Ez zait gustatzen oraingo iragarpenak begiratzea. Badirudi, momentuz, ez dituztela halako olatu handiak iragarri, baina ikusiko dugu zer datorren. Igandera arte aldaketa dezente egon daitezke. 

Hortaz, ados zaude katedrak dioenarekin: Kontxako Bandera estu dagoela eta edozer gerta daitekeela. 
Bai. Lehendabiziko bi ontziek igandean emandako maila izugarria izan zen, bereziki Hondarribiak emandakoa, nire irudikoz, baina argi dago Kontxako Bandera ez dagoela erabakita. Auskalo igandean zer nolako egoera aurkitzen dugun. 

Eusko Label Ligaren isla izan daiteke Kontxako Bandera. Bermeon eta Portugaleten jokatzekoak diren bi banderen faltan, Ligan Santurtzi da lider (193 puntu), Hondarribia bigarren (187 puntu), Donostiarra hirugarren (162 puntu) eta Orio laugarren (158 puntu). 
Bai. Sorpresak egon daitezke, baina normalean Kontxako sailkapena ligaren isla izaten da. Liga batean 20 estropada inguru daude, eta maila ona mantentzen duen taldeak beti aukera izan dezake Kontxako Bandera irabazteko edo aurrean egoteko. 

Aldaketa asko izan dituzue aurten: patroi berria duzue, Ugaitz Mendizabal; arraunlari gazte asko iritsi dira taldera; eta talde gaztea zarete, ontzen ari dena. Oriori beti asko eskatzen zaio. Hori guztia kontuan izanda, nolako balorazioa egiten duzu? 
Nire balorazio pertsonala da niretako denboraldi oso ona izaten ari dela. Gurea talde gaztea izateak ez du esan nahi kalitate gutxikoa denik. Oriora jende gazte oso ona iritsi da. Harrobitik igo diren gazteak oso kalitate handiko arraunlariak dira, eta horrek plus bat eman dio taldeari. Liga hasieratik bagenekien ze nolako zailtasunak edo handicapak genituen, baina horiek normaltasunez hartuta eta lana egiteko gogoekin aurrera egin dugu eta horregatik oso balorazio ona egiten dut egindako lanaz. Egia da, momentuz, zorte txarra izan dugula eta ez dugula banderarik irabazi. Estropadetan errendimendu oso altua eman dugu, baina itsasoak ere bere kondizioak ezartzen ditu eta askotan beste bati bandera ematen dio nahiz eta errendimendu hain altua ez eman. 

Igandera begira nola zaudete: urduri, gogotsu, burua traineruan sartuta?
Kaian ikusleak eta zaleak ez egotea triste egiten da, hotz, baina guk gure traineru barrura begiratzen dugu gure artean beharrezkoa dugun motibazio hori bilatzeko. Jende gaztea dugu, orain arte bere burua ez duena Kontxako Bandera jokatzeko tenorean ikusi; aurten aukera hori dute, eta halako motibazioa bilatzen dugu. Ondorioz, lan egiteko gogotsu gaude. 

Agian presio gehiago dute Hondarribiak eta Santurtzik, eta hori zuen onerako izan daiteke. 
Beno, agian presio estra bat izan dezakete, eta ea guk hori alde erabili dezakegun eta horrek lotsagabeago jokatzeko aukera ematen digun. 

“Ikuslerik gabe, traineru barrura begiratzen dugu gure artean beharrezkoa dugun motibazio hori bilatzeko”

Kontxako Bandera telebistan jarraitzea ederra da. Irudi ikusgarriak lortzen dituzte traineruetako kamerek, zerutik ateratako irudiek eta bestek.  Ez al zarete deseroso sentitzen jakinda guzti-guztia grabatzen dizuetela?
Tentsio gune horietan ez naiz enteratu ere egiten. Telebistan gero eta gehiago ikusten dira halako irudiak, baina estropada une horretan ez gara gauza horietaz arduratzen ez konturatzen. 

Zuen taldekideak, Orio taldeko emakumeak, ikusgarri dabiltza. Arraun Lagunak taldearekin 1,64 segundoko  alde txikia dute. A zer lehia espero den berriz!
Bai, ikusgarria. Estutasunaz ari garela, emakumezkoen sailkapena adibide hoberena izan daiteke, bereziki Arraun Lagunak eta Orioren artekoa. Bi taldeen arteko hika-mika hori liga osoan izan da, puntura berdinduta daude, eta Kontxako Banderan berriro ere pil-pilean dago bi talde handi horien arteko borroka. 

Egunotan entrenamendu asko dituzue ala agian une honetan garrantzitsuagoa da indarrak gordetzea?
Azken txanpa honetan entrenamenduak oso zehatzak izaten dira; xehetasunak findu, teknikoki gauzak lantzea, mugimenduak, palakaden erritmoa eta beste, baina ez dira entrenamendu pisuak egiten. Entrenamendu motzagoak dira, baina zehatzagoak.

Igandean San Nikolas trainerura igoko zara berriro?
Hori estropada egunera arte ez dugu jakiten. Horregatik ere aste hauetan tentsio puntu hori egoten da entrenamenduetan, ea patroiak zein traineru aterako duen, aldaketak egingo ote dituen edo dena delakoa. 

Iturramako Institutuan filosofia irakaslea zara. Zer esaten dizute ikasleek?
Aurten ikasle berriak ditudanez, oraindik ez dute arraunlaria naizela jakingo (kar, kar…). 

Urritzolako balkoietan bandera horiak ez dira falta. Eta zale guztiak, mirotzak, zuekin egongo dira. 
Bai, hori seguru. Eta zaleei eskerrak, animo guztiak beharko ditugu eta.