Urteurrena bete duen ezinbesteko liburu batez

Guaixe 2016ko urr. 21a, 10:14
Sartagudara joandako ziordiarren talde argazkia.

Gaur, 20:00etan, Ziordiko bideo-gelan.

Navarra de la esperanza al terror liburuaren 30. urteurrena Tafallan ospatu zuten larunbatean. Altaffayllak argitaratu zuen lan hark mugarri bat markatu zuen Nafarroako memoria historikoaren berreskurapenean. Hura ondu zuenetako bat izan zen Jose Mari Esparza eta liburuaren inguruko azalpenak emanen ditu gaur.


Paco Etxeberriaren hitzaldia.

Ziordiko Udalak memoria historikoari eskainitako hilabetearen barruan dago Esparzaren hitzaldia. Egitaraua Maider Urretabizkaiak frontoian errepublikako banderaren kolorez margotutako muralarekin hasi zen. Hilaren 6an Toti Martinez de Lezea izan zen Ziordian. 30 bat pertsonekin Y todos callaron liburuaren inguruan hizketan aritu ziren. Hurrengo egunean Pako Etxeberria forentseak Urbasako eta Otsoportilloko lezeetako exhumazioez azalpenak eman zituen. Bideo gela txiki gelditu zen 110 pertsonendako eta hitzaldia elkartean egin behar izan zen. Bestalde, Sartagudako memoriaren parkea 60 ziordiarrek ezagutu zuten bertatik bertara.


Sartagudako memoria parkean emakumeei eskainitako oroigarrian emakume ziordiarrek talde argazkia egin zuten.

Pleno berezia
Hileko azken domekan, 30ean, Ziordiko Udalak pleno berezia eta hildakoei eta errepresaliatuei aitortza ekitaldia egin ditu.