Txirrindularitza

Ailetz Lasa, azkarrena Andra Mari Sarian

Guaixe 2023ko ira. 12a, 10:12

Ziordiarra Lehendakari Txapelketarako baliagarria zen Urdulizko lasterketako esprint borrokatuan gailendu zen

Asteburuan afizionatuen Lehendakari Txapelketarako baliagarriak diren bi lasterketa jokatu ziren. Irailaren 8an Urdulizek 34. Andra Mari Sari Nagusia hartu zuen, 113 kilometroko lasterketa, aldi berean Bizkaiko Txapelketa izan zena. Hainbat saiakeraren ondoren, azkenean, tropela batuta iritsi zen Urdulizko helmugara, eta esprint oso borrokatuan Ailetz Lasa ziordiarra (Laboral Kutxa) izan zen azkarrena (2:48:14), bere taldekide Iñaki Diazen aurretik. Jon Gil lakuntzarra (Gomur Cantabria Infinita) hamahirugarren sailkatu zen.



Irailaren 9an Lehendakari Txapelketarako baliagarria den Andra Mari Txiki Saria hartu zuen Baranbiok, 134 kilometroko lasterketa gorabeheratsuan. Julen Arriola-Bengoabeitiak (Rural Kutxa-Alea) erasoa jo, eta bakarrik gurutzatu zuen helmuga (3:35:01), Finisher taldeko Dylan Westley txirrindulariari 2 segundo aterata (3:35:03). Jon Gil lakuntzarra hogeigarren sartu zen. 

Lehendakari Txapelketan Ander Ganzabal (Laboral Kutxa) da liderra (135 puntu), bere taldekide Iñaki Diaz Meleroren aurretik (94 puntu). Ailetz Lasa bosgarren postura igo da (60 puntu). Bi lasterketa geratzen dira Lehendakari Txapelketa despeditzeko: irailaren 15ean jokatuko den 94. Altsasu Txirrindularitza Proba, eta irailaren 16ko 36. Oñati Proba. 

Mintegi zazpigarren Salamancako Itzulian
Irailaren 8tik 10era 51. Salamancako Itzulia jokatu zen. Iker Mintegi (Laboral Kutxa) eta Martxel Etxeberria (Rural Kutxa-Alea) sakandarrak lehiatu ziren bertan. Edgara Cadenak (Telco) irabazi zuen Salamancako Itzulia (9:41:00), Sumermercado Froiz taldeko Vicente Rojasi 40 segundo eta Rural Kutxa-Alea taldeko Samuel Fernandezi 1:39 minutu aterata. Iker Mintegi zazpigarren sailkatu zen, 2:12ra. Martxel Etxeberria 62., 27:39ra.