Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2023

Roblesek Altsasuko finalaurrekorako txartela lortu du

Guaixe 2023ko urr. 9a, 10:13

2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurdena jokatu zen Iruritan. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA

Urriaren 7an hasi zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa Iruritan. Bertan aritu ziren, besteak beste, Idoia Granzio eta Ekain Alegre altsasuarrak; hirugarren eta laugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.

Sarai Roblesek irabazi du 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa lehenengo kanporaketa, Iruritan. Azaroaren 4an Altsasuko Iortia kultur gunean jokatuko den finalaurrekorako txartel zuzena lortu du barañaindarrak. 140 bat bertsozale elkartu ziren Iruritako Gizarte Bilgunean. Sei bertsolari aritu ziren kantuan eta Maialen Belarrak egin zituen gai jartzaile lanak. Saio puntuagarriaren ostean, Sarai Roblesek lortu zituen puntu gehien (354), eta Altsasuko finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren atzetik Saioa Alkaiza (333), Idoia Granizo altsasuarra (328,5), Ekain Alegre altsasuarra (324), Eneko Fernandez (320,5) eta Egoitz Gorosterrazu (291,5).

Urriaren 14an bigarren finalaurdena izanen da Vianako kultur etxean, 17:30ean, eta kantuan Julio Soto Ezkurdia, Xabat Illarregi Marzol, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Patxi Castillo Graciarena, Urko Gartzia Aleman eta Aitor Irastortza Arrizubieta bertsolariak ariko dira. Gai jartzaile Zigor Gartzia Arregi Zian arakildarra izanen da.

2023ko Nafarroa Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurdenako puntuazioa

Sarai Robles Vitas: 354

Saioa Alkaiza Guallar: 333

Idoia Granizo Uribarrena: 328,5

Ekain Alegre Gil: 324

Eneko Fernandez Maritxalar: 320,5

Egoitz Gorosterrazu Elizagoien: 291,5