Txirrindularitza

Denboraldiko lehena, etxean

Maider Betelu Ganboa 2024ko mar. 12a, 13:00

Iker Gomez Lopez de Goikoetxea, Altsasuko helmugara iristear. UTZITAKOA

Iker Gomez Lopez de Goikoetxeak (Quesos Albeniz-Burunda) 38. Udaberri Saria irabazi zuen Altsasun, bere klubeko lasterketa. Juniorren bigarren urtean dago eta gogotsu ekin dio denboraldiari. Garaipen gehiagoren gosea du

Junior mailako txirrindularitza denboraldia hasi berri da. Nafarroan bi lasterketa jokatu dira, eta dagoeneko podiumaren gorenera igo da Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarra (Quesos Albeniz-Burunda). Otsailaren 25ean Villatuertan zazpigarren sailkatu zen, 6 minutuko aldea zuen ihesaldiari atzetik erasoa jota 5 minutu eta erdi erremontatuz, eta igandean, Altsasun, Burunda klubeko etxeko proban, 38. Udaberriko Sarian mustu du denboraldiko garaipenen kutxa. "Altsasun juniorren bi proba dauzkagu, Burundakoa eta Altsasu Kirol Elkarteak martxoaren 24an antolatuko duen LXV. Erramu Trofeoa. Etxean gogo gehiagorekin aritzen gara, eta ibilbidea primeran ezagutzen nuenez, horrek indar gehiago eman zidan" azaldu du Iker Gomezek. 

Lehen igoeran, erasoa
Euria, haizea, hotza eta Altamiran gora elurra. Halako panoramarekin jokatu zen Altsasuko proba. Altamirara hiru igoera ziren, eta guztira 80 km. Iker Gomezek argi zuen egin beharrekoa. "Eguraldia guztiendako berbera zen, eta horregatik ez nuen estrategia aldatuko. Sasoi onean nago, agian gainontzekoekin alderatuta nahiko indartsu, ilbeltzean Espainiako junior mailako selekzioarekin kontzentratuta egon nintzelako. Igotzea ere gogoko dut, eta horregatik Altamirako lehenengo igoeran jo nuen erasoa. Hasieran gainontzekoek zer egin, itxaron nuen. Batzuek pixka bat tiratu zuten, baina gelditu zirenean pentsatu nuen: "hau da nire momentua", eta erasoa jo nuen. Soilik bigarren sailkatu zenak, Ibai Villatek (Alimco-Campagnolo) lortu zuen nire gurpilera lotzea. Berarekin joan nintzen helmugaraino". 

"Eguraldiagatik ez nuen estrategia aldatu: Altamirako lehen igoeran jo nuen erasoa"

Talde ahaltsuaren gainetik
Iker Gomez bakarrik iritsi zen helmugara (2:06:29) eta 32 segundo atera zizkion Villateri. Atzetik Alimco Campagnolo talde gasteiztarreko beste hiru txirrindulari iritsi ziren. Eñaut Oiarbide (Quesos Albeniz) seigarren sailkatu zen. Garaipena lortzeaz gain, mendiko eta tartekako helmugen sariak jaso zituen Iker Gomezek. Quesos Albeniz bigarren taldea izan zen, Alimpo Campagnoloren atzetik. "Alimpo Campagnolo talde oso indartsua da, estatu mailan Top 3an egongo da. Ia guztia irabazten dute. Hemen nolako maila dagoen erakusteko gogoz geunden; ez genien hemengo sari guztiak etxera eramaten utziko. Horregatik ere garaipen hau oso garrantzitsua izan da" nabarmendu du altsasuarrak. Ez zuen ospakizun berezirik egin. "Olaztira joan nintzen, amonari lore sorta oparitzera. Gainontzekoan, ezer berezirik ez". 

Ilusioz betetako bost taldekide
Aurten Quesos Albeniz junior taldeak bost txirrindulari ditu. Horietatik lau bigarren urtekoak dira, joan zen urteko Iker Gomez eta Iker Begiristain, Logroñoko Mikel Viloria eta Sakana-Group-Aralartik etorri den Eñaut Oiarbide etxarriarra, "aurten Sakana Groupek ez duelako junior talderik atera". Kadeteen mailatik bakarra igo da juniorren mailara, Ekaitz Perez. "Taldekide gehiago izatea ez legoke gaizki, baina joan zen urtean lau ginen eta maila ona eman genuen. Aurten bostak oso gogotsu gaude, eta hori da garrantzitsuena. Lan egiteko gogoa eta ilusioa dugu; beraz, uste dut aurten ere maila egokia emango dugula". 

Iker Gomezek 2023ko juniorren Nafarroako Challengea irabazi zuen. Junior mailako lasterketa guztiak puntuatzen dira bertan. "Sei garaipen lortu nituen, eta podium asko. Funtsean, Challengea irabazteak txirrindulariaren erregulartasuna erakusten eta saritzen du. Eta hori talde oso ona ginelako lortu nuen" nabarmendu du. 

Selekzioetan
Iker Gomez Nafarroako selekzioarekin aritzen da. Aurten Espainiako junior selekzioak deituta, ilbeltzaren 18tik 21era ilbeltzaren 18tik 21era San Vicente del Raspeigen (Alacant) kontzentratuta egon zen, entrenamendu espezifikoak egiten. Bi aste barru Espainiako selekzioak Guido Reybrouck Classic nazioarteko lasterketan parte hartuko du (Belgika), Paris-Roubeaux ongi prestatzeko. Galtzadarrietan trebatu nahi du dute. Oraindik ez dute aukeratutakoen zerrenda argitaratu, baina Gomezek bertan egon nahiko luke. "Esperientzia berria izango litzateke niretako; atzerrira ateratzea oso berezia litzateke. Asko ikasiko nuke. Belgikan beste modu batean lehiatzen dira, eta tropelean bata bestetik oso gertu egoten dira. Hori ikastea oso garrantzitsua litzateke nire etorkizunerako". 

"Txirrindulari erregularra izatea, hori litzateke nire nahi  nagusia"

Gomezen aurtengo nahi nagusia "dudan maila mantentzea, eta erregularra izatea" da. "Lasterketa guztietan ongi ibiltzea eta erregularra izatea txirrindulari onaren erakuslea da. Tourreko irabazleek egunero euren erregulartasuna erakusten dute, eta hori pixkanaka landu behar da. Hori litzateke nire nahi nagusia, erregularra izatea". Zenbait lasterketa begiz jota ditu, Iruñerriko Itzulia edo Gipuzkoako Itzulia, esaterako. Joan zen urtean zazpigarren izan zen bietan, eta pauso bat aurrera eman nahiko luke. Horretaz gain, Nafarroako selekzioarekin Espainiako Txapelketetan "lan ona" egin nahiko luke. "Irabaztea oso zaila dago, baina amestea libre da" dio. Azkenik, Espainiako selekzioarekin proba garrantzitsuetan parte hartu nahiko luke. 

Agerikoa da Gomezek bizitza txirrindularitzari lotuta ikusten duela. Urte erabakigarria du aurten, juniorren bigarren urtea bukatuta afizionatuen maila datorrelako, baina Gomezek lehentasunak argi ditu. "Lehenengo, Batxillergoko ikasketak bukatu behar ditut. Orain, horrek du lehentasuna. Gero txirrindularitzan zentratzeko unea helduko da. "Jubenilen bigarren urtea, agian, txirrindularitza bizitzako urterik garrantzitsuena bilakatu da. Txirrindularitzan aurrera egiteko aukeraren bat sor daitekeela, horretan pentsatu beharko dut". 

Aldaketa garaia
Txirrindularitza asko aldatu da. "Junior maila profesionalizatu bezala egin da. Profesional talde batzuek junior mailako taldeak atera dituzte, euren txirrindulariak begi-bistan izateko. Ondorioz, txirrindularien maila asko handitu da". Txirrindulari askok berehala egiten dute salto profesionaletara; eztabaida hori mahai gainean dago aspalditik. "Hori, talde bakoitzaren araberakoa da. Potentziometroak atera zirenetik aurrerapen oso handiak egin dira. Wattioek azaltzen dituzten datuekin, eta norberaren oxigeno kontsumoa zehazten duten esfortzu probekin, 18 urteko mutil edo neska batek profesional izateko behar den guztia ote duen ikus daiteke. Eta horrek prozesu guztia asko azkartu du. Gaur egun, txirrindulari asko junior mailatik profesional edo kontinental mailara pasatzen ari dira. Badirudi modan dagoela hori, jendeak momentuan bertan nahi duelako profesional izatea, ez du pausoka joan nahi. Dena den, hori norberaren erabakia da."

Iker Gomezek Wout van Aert txirrindularia du ispilu. "Bera bezalakoa izan nahi dut, berarekin asko identifikatzen naizelako: ez delako ona ezertan, baina ez delako txarra ezertan ere. Denetarako balio du, egoera guztietan ongi defendatzen da. Eta nik kadeteetan eta juniorretan hori bera sentitu dut ere. Horregatik bera da nire gustukoena". 

Sakandarrak, eta Itzulia
Txirrindulari sakandar profesionalak "oso indartsu" ikusten ditu. "Igor Arrieta eta Iker Mintegi profesional mailara igotzeak Sakanan maila oso ona dagoela erakusten du. Hori Sakanako txirrindularitzarako oso ona da, guk eta txikiagoek ere eurengan jartzen dugulako arreta; euren pausoak jarraitu nahi ditugu, eta horrek motibatzen gaitu. Erreferenteak dira". 

Itzuliko bi etapa Sakanan jokatzea "ikaragarria" da Gomezendako. Apirilaren 3koa Ezpeletan hasi eta Altsasun bukatuko da, eta apirilaren 4koa Etxarri Aranatzen hasi eta Legution despeditu. "Ikaragarria da Itzuliko helmuga eta irteera Sakanan izatea. Ahalik eta gehien probestu behar dugu".