Kooperazio lankidetzan aritu nahi duten gazteendako beka deialdia

Guaixe 2024ko api. 30a, 11:15

Ihabardarrak kalean.

Garapen bidean dauden herrialdeetara bidaiatu eta garapena xede duen entitate batekin elkarlanean egon nahi dutenei zuzenduta dago. Arakilen bizi diren 18 eta 35 urte arteko gazteak aurkez dezakete eskabidea. Horretarako epea maiatzaren 13an despedituko da.

Arakilgo Udalak kooperazio bekaren hirugarren deialdia egin du, 2.500 euroko poltsa duena. Haren bidez, ibarreko gazteengan sentsibilizazioa piztu nahi du, hain zuzen ere garapen bidean dauden herrialdeei garatzen laguntzeko. Aldi berean, gazteengan herrialde eta kultura desberdinen arteko elkartasun kultura sustatu nahi du udalak. Beraz, garapenerako gobernuz kanpoko erakunde (GGKE) batekin edo beste entitate batzuekin garapenerako borondatezko lankidetza ekintzetan zuzenean parte hartuko duten gazteak aurkez daitezke beka deialdira. Gutxienez hilabete eman beharko dute bertatik bertarako jardun horretan, nahiz eta epe luzeagoa izan daitekeen, beti ere, eskaera egileak ahal badu eta proiektuan sartuak diren erakundeek egokia ikusten badute. 

Udalak bekaren onuraduna aukeratzeko honako irizpideak izanen ditu kontuan: lan plangintza, garapenerako borondatezko lankidetzarekin zerikusia duten ezagutza eta proiektuak, GGKEetan borondatez parte hartu izana, gazte elkarteetan edo gizarte helburua duten beste antzekoetan parte hartu izana. Arakilgo Udalak gaztigatu duenez, euskararen ezagutza meritu bezala baloratuko da, nahiz eta ez den baztergarria izango.

Lehentasuna izango dute aurretik aurkeztutako proiekturako beste erakunde edo elkarteren batek beka eman ez badie. Udalak beka ematerakoan ere baloratuko du kasu bakoitzera gehien egokitzen den titulazio akademiko/profesionala izatea, edo espezialitate horietan ikasketak egiten ari direla egiaztatzea. Horrekin batera, udalak martxan dituen proiektuekiko parekideak izatea kontuan hartuko da. Azkenik, aurretik beka jaso dutenak ezin izanen dira atzera ere aurkeztu. 

Deialdiari buruzko informazio guztia arakil.eus webgunean dago. Bestela, 948 500 101 telefono zenbakira hots egin, 634 584 226 zenbakira Whatsapp mezua bidali edo arakilkultura@gmail.com e-posta helbidera idatzi daiteke.