“Tomasena errepikatzen saiatzen naiz”

Guaixe 2023ko aza. 9a, 12:00
Aitor Satrustegi Ganboa, kanpandorrea atzean duela.

Tomasen errepikak gogoko dituen arbazuarra da Aitor Satrustegi Ganboa 
"Errepika baino, musika ateratzen zien Tomasek ezkilei. Horrekin jaio gara. Eta, ni behintzat, gustukoa dut", zehaztu du.

Tomas Ganboa Ganboaren omenez, ezkila errepika erakustaldia hartu zuen Arruazuk lastailaren 28an, udalak eta Nafarroako Ezkilazainen Elkarteak antolatuta. Aitor Satrustegi Ganboak erakustaldiko aurreneko ezkila errepika jo zuen, gainontzeko parte hartzaileei ongi etorria emateko. Satrustegiz aparte, beste zortzi ezkila jotzaile igo ziren kanpandorrera ezkilei doinua ateratzera: Gorka Madinabeitia, aretxabaletarra; Miguel Bañales, artaxoarra; Joaquin Miguel Mayo, iruindarra; Miguel Angel Irurtzun, ihebardarra; Manuel Gorriti, ubertearra; Martin Senar, lizerratarra; Max Spinu eta Angel Herrero, olaztiarrak eta Juanjo Calvo, ziordiarra. Bakoitza bi minutuko bi txandatan aritu zen ezkilak jotzen. Doinu ezagunak eta asmatutakoak tartekatu ziren emanaldietan. 

Zer sentitu zenuten arbazuarrek herriak halako egun bat hartuko zuela jakitean?
Gustura hartu genuen. Tomasek merezita dauka. Makina bat urte bota ditu hor, kanpandorrera igotzen. Eta, oraindik ere, ahal balu ezkilak jotzera igoko zen segur aski. Pertsonei omenaldiak hobe bizirik daudela, hiltzen direnean baino. 

Arbazuarrek duela bi urte omendu zenuten, ezta? 
Bai, festetan egin genuen. Orain berriro suertatu da, eta ongi iruditzen zait. Festa giro polita herrian izatea ongi dago noizbehinka. 

Nondik heldu zaizue arbazuarrei ezkilekiko lotura hori?
Ez dakit. Nik txikitatik aditzen nuen. Lehen, uste dut, Tomasen osaba bat zela jotzen zuena. Betidanik aditu dugu, gustura. 

Garai batean, gainera, ezkilak maiz jotzen ziren. 
Lehen, badakizu, meza asko zeuden, eta aldi guztietan ezkilak jotzen ibiltzen ziren. 

Gaur egun ezkilak jotzen ditu bakarren batek?
Ez, ez. Hori bukatu da Arruazun. Normala da. Elizara ia inor ez da joaten. Eliza, badakizu, toki pribatua da, edozein ezin du sartu. Apika ezkila dorrea aparte balego, beharbada ezkila joleren bat egonen litzateke. Baina, elizatik pasatu behar hori bahe handia da. 

Ezkilak mekanikoki jotzeko sistema duzue Arruazun?
Hala jarri zuten, bai. Bada zerbait, baina ez da zena, jakina. Oso aspergarria izaten da. Baina, behintzat, bada zerbait. 

Zuk gaur joko duzu? 
Esan zuten kanpotar jendeak etorri behar zuela. Nik noizbehinka jotzen dut. Eta, Tomasi omenaldi bezala, esan nuen nik ere jotzen saiatu nahi nuela. Zerbait egin dugu. 

Nondik duzu ezkilekiko gustu hori? 
Ez dakit. Txikitatik. Etxean beti ezkila txiki batzuk jotzen nituen. Ez dakit zergatik, baina beti gustatu izan zait, batez ere Tomasena. Ez berez ezkila. Baina Tomasen errepika, bai.  

Eta Tomas zuzenean jotzen ikustera igo zara noizbait? 
Askotan egon naiz Tomasekin. Lehen, San Joan bezperan, ohitura zen ezkila dorrea edozeinendako zabaltzea. Txikitatik joaten ginen, eta orduan ikusten genuen han Tomas, ezkilak eta beste prestatzen. Guretako beti zerbait ikusgarria izaten zen. Haurrak, gazteak... denetarik igotzen ginen jotzera. Nik Tomasena ikasi dut eta Tomasena errepikatzen saiatzen naiz. Ez dut nire bertsio partikularrik. 

Lakuntzan ohitura horri eutsi diote.
Bai. Hemen ere bai, baina jendeak ez du gogorik. Ni igotzen naiz San Joan bezperan jotzera. Aurten haur batzuk etorri ziren nirekin, hor egon ziren begira, bai. 

Errepika hori eta kitto? Ez duzu gehiagotan jotzen? 
Ez, hori da nik jo dudan bakarra. 

Zenbat ezkila daude Arruazuko kanpandorrean?
Jotzen direnak bi dira: hildakoa esaten zaiona, eta bestea. Hildakoaren doinua itzalagoa da. Bestea, berriz, arinagoa. Eta biekin musika egiten saiatu. Batzuek lortzen dute, beste batzuk ez. Goi-goian txikia dago. Esaten zuten haur txikiren bat hiltzen zenean jotzen zela. Txikia erlojuarekin doa, aparte halako kasu berezietan jotzen zen. 

Bi ezkila horien mihiak nola mugitzen dituzue?
Arruazun, sokekin. Biak atzean dagoen zura bati sokaz lotuta daude. Eta soka horiekin mugitzen dira. 

Erakustaldia pizgarri izan daiteke zu edo arbazuarren bat kanpandorrera gehiagotan igotzeko? 
Ez dakit. Nik gustura jo dut. Jendea, gainera, gustura egon da. Herrian nago, Tomasengatik da, gustura, besterik gabe. 

Gustatuko litzaizueke arbazuarrei bakarren batek errepikak jotzen segitzea?
Ongi egonen litzateke, ongi joz gero, jakina (kar, kar, kar). Gaur guk gurea jarri dugu, eta ikusiko dugu gero zer pasatzen den. 

Arruazun ezkila zaletu pila elkartuta, elkarrekin hizketatzeko aukera bada. 
Jende berria ezagutu dugu. Baina ni ez naiz ezkila jolea sentitzen, eta ez nago mundu horretan sartuta. Eta, gainera, ez daukat asmorik. Erakustaldia gustura egin dut, baina hortik aurrerakoa, ez.