“Gure etsaia elektrifikazioa da batez ere”

Guaixe 2023ko aza. 9a, 12:40
Joakin Corcuera Gil, Nafarroako Ezkilazainen elkarteko kidea.

Tomas Ganboa ezkila errepika erakustaldia hartu zuen Arruazuk lastailaren 28an. Joakin Corcuera Gilek, Nafarroako Ezkilazainen Elkarteko kideak, azaldu duenez, jotzaile arbazuarra erreferentea omendu eta ezkila errepikak kalera ateratzeko modua izan zen. 

Komunitatearena da. Beti du estaldura. Beti ditu hartzaileak. Ez du argindarrik behar. Whatsappa baino hobea da ezkila errepika. Hala adierazi zuen Nafarroako Ezkilazainen Elkarteko kide batek larunbatean. Jakina, ezkila errepikez ari zen, belaunaldiz belaunaldi iritsi zaigun soinu hizkuntzaz. Goiz eta eguerdian Arruazu halako doinuz bete zuten elkarteko kideek, eta hala nahi izan zuten herritarrek ere. 

Zergatik antolatu duzue Tomas Ganboa ezkila errepika erakustaldia? 
Orain dela 60 bat urte-edo, Ihabarko parrokoa Jose Cruz San Juan zen. Uste dut festetan zela. Elizara zihoan, ezkilak jotzera, eta mutil pare bat-edo ikusi zituen. Broma giroan, berarekin igotzea proposatu zien. Baita haiek onartu ere. Igo ziren, ezkilak jo zituzten eta parrokoa aho bete hortz geratu zen. Izugarri gustatu zitzaion. Esan zien zeinen ongi jo zuten. Eta erantzun zioten: "hemen, Sakanan, ia-ia mutil guztiak". Eta ideia horrekin lehiaketa antolatu zuen. Tomas Ganboak irabazi zituen aurrenak, eta une batean antolatzeari utzi zioten Tomas zelako irabazle bakarra. Hori oroitu nahi izan dugu, baina lehiaketarik gabe, erakusketa baizik. Sakanan errepika gorde egin da, asko gainera. 

Halako erakustaldi bat antolatu duzuen lehendabiziko aldia da?
Bai, lehenengo aldia da, zeren gure elkartea oso berria da, 2019an sortu zen. Ekimen batzuk egiteko aukera aztertu genuen, haien artean erakustaldia. 

Jarraitzeko asmoz? 
Ongi ateratzen bada, bai. Momentuz, ezkilazain batzuk esan dute: "hurrengoa nire herrian" Beraz, baietz espero dut. 

Jarraituz gero, Tomas Ganboa izenarekin segituko luke? 
Baietz suposatzen dut. Gainera, Tomas elkarteko ohorezko presidentea da. 

Gaurkoa bezalako egunak balio dute ezkila erreplikaren ondare hori ikustarazteko eta entzunarazteko. 
Bai, ohitura gordetzeko, eta gure lana pixka bat aldarrikatzeko. Eta, gainera, orain dela gutxi Unescok materia gabeko ondare izendatu zuen eskuz egiten den ezkila errepika. 

Zer moduz dago ohitura? Zer osasun du?
Badago jende gaztea, benetan gutxi, baina badago jende gaztea. Uste dut pixkanaka-pixkanaka berpizten ari dela. 

Ezkilak jotzeko kanpandorreak behar dira. Horien egoera ere zaindu beharko da.
Bai. Gure etsaia elektrifikazioa da batez ere. Ezkila jotzea elektrifikatzen den moduaren arabera, eskuz jotzeko aukera egon daiteke edo ez. Ezkilak jotzeko ongi kokatutako mailuak jarri daitezke, aukera emateko eskuz jotzeko. Baina zenbait tokitan gurpil handia eta katea jarri dute, eta orduan ezin da eskuz ezkilarik jo. Guk esaten dugu eskuz egiten denak arima duela. Elektrifikatutakoa da oso mekanikoa, hotza, eta beti berdina. Ez da gauza bera. Guk nabaritzen dugu. 

Ezkilak jotzen dituztenak igo eta ezkilaren osasunari ere begiratzen diote; zartatuak, hausturak... 
Bai, eta askotan behar dute. Gainera, orain elektrifikatu baldin bada, jada kanpandorrera ez da igotzen, edo oso gutxitan igotzen da. Eskuz egiten baldin baduzu, jo behar duzu, eta igotzen zara. Orduan ikusten dira nolakoak diren, eta ikusten da koipeztatu behar diren, lanen bat egin behar den edo mihia gaizki ote dagoen. Batzuetan penagarri daude. 

Beste garai batekoekin alderatuta, gaurko ezkila joleen lana beste bat da, ezta? 
Bai. Lehen beharbada lan bat zen, gainera ordaindua. Baina gaur egun guztiz borondatezko lana da. Ahal denean jotzen da. 

Zergatik sortu zenuten Nafarroako Ezkilazainen Elkartea?
Behin Iruñeko eta Artaxoako ezkilazainak elkartu ginen eta beste leku batzuetan ere ezkilak eskuz jotzen direla aipatu genuen. Denak elkartzeko ideia sortu zen. Bazkaria antolatu genuen. Lehendabizikoa Artaxoan eta bigarrena Olatzagutian. Azken horretan ikusi genuen uste baino gehiago ginela, eta elkartea egitea erabaki zen. Alde batetik, gure indarrak elkartzeko, gure asmoak eta kezkak partekatzeko. Beti bezala, elkarrekin egiten dena beti da hobea. 

Ezkila errepikak sustatzeko asmoz? 
Ezkila jotzeak sustatzea, bai; errepikak eta kanpai iraulketa. Sakanan batez ere errepikak egiten dira. Baina Erriberan, esaterako, kanpai iraulketa egiten da, hau da, ezkilei bueltak ematen dizkiete. Baina, batez ere, ezkilak eskuz jotzea, hori gorde nahi du elkarteak. Leku bakoitzean bere jotzeko modu bereziak mantentzen dituzte. Egokiak dira erromeria baterako, edo.... Bakoitzak berea du. Azken finean, hizkuntza bat da.  

Sua zegoela, angelusa, ekaitza zetorrela... 
Hori da. Leku bakoitzean desberdin egiten dute. Hori oso hizkuntza polita da, mantentzeko eta jakiteko. Orain elkartearen helburua da Nafarroako jotze modu guztiak biltzea. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Materia Gabeko Ondareko Katedrarekin batera hasi gara biltzen. Lan sistematizatua egiten ari gara: prestatutako inkestak, grabazioak eta dena. Egin dugu Garden, Lekarozen, Los Arcosen, Altsasun... Eta beste hainbat tokitan. Guretako oso garrantzitsua da hori biltzea, dena unibertsitateko artxiboan izatea. Lan horren aurkezpena azaroaren 3an egin genuen. 

Elkartean herri askotako jendea dago? 
Santacara, Allo, Los Arcos, Olatzagutia, Altsasu, Elia, Artaxoa, Iruñea... Segur aski bakarren bat ahaztuko dut. Mordo bat, Nafarroa guztikoak. 

Beraz, asmoa eta nahia badago. 
Bai. Elkarteak 60 kide inguru ditu. Pentsatzen dugu nahikoa ordezkaritza ona dela. 

Halako egun bat antolatzeak zer ematen dio elkarteari? 
Jendeak gure lana ongi ezagutzea. Jakin dezala ezkilak eskuz jotzeko ohiturari eusten diogula. Kalean bertan bi ezkila ditugu eta jendea jotzera eta ezkilak jotzen ikustera etor daiteke. Batez ere ikusteko gure lana nolakoa den. Aldarrikapen bat da. 
  
Elkartearekin harremanetan jartzeko, zer egin behar da? 
Orain web orria eginen dugu. Baina, bitartean, campanerosnavarra@gmail.com da gure posta elektronikoko helbidea, hara idatzi daiteke harremanetan jartzeko. 

Herrian ezkilak jo nahi dituenak zer egin behar du? 
Lehendabizikoa da, uste dut, apaizekin harreman ona izatea. Hori lehendabizikoa da, giltza eta baimena lortzeko. Ezkilak ez dira gureak. Ezkilak elizarenak dira. Ondoren, kanpandorrera igo ezkilak nolakoak diren ikusteko, fisikoki nola dagoen hura. Eta jotzen hasteko, ez badakizu, gurekin harremanetan jarri, eta hasiko gara. Herrian ziurrenik egonen da adinekoren bat edo pertsona jakintsuren bat ziurrenik dakiena garai batean nola jotzen zen eta zer errepika. Hasieran, seguruenik, ezetz esanen dute. Beti. Baina, ondoren, pixkanaka-pixkanaka hasten da: bada, erromeria honetan, edo festa honetan, ezkila honekin, bestearekin... Bai, beti ateratzen da.