ekhi etxeberria

"Udaberriko festak herriak antolatu ditu"

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko api. 24a, 13:48
Ekhi Etxeberria Udaberriko festetako kartel iragarlearekin, Bakaikuko plazan. UTZITAKOA

Apirilaren 26tik 28ra Udaberriko festak ospatuko dituzte Bakaikun, herriko "festa txikiak" izateko sortu dituztenak. Ekhi Etxeberria Bakaikuko zinegotzia da eta festen antolakuntzan egon da.

Baina "autogestionatuak izan direla esan du.

1. Nola sortu dira Udaberriko festak?
Azken urteetan, pandemiatik edo, kuadrillan edo elkartzen garen giroan komentatu zen Udaberriko festak antolatzearena. Inguruko herrietan herri txikiak eta feriak dituzte, eta guk ez. Ideia hori zabaltzen hasi zen. Aurreko urtean berandu ibili ginen. Asmakuntza bat izan da. Aurten urtarrilean erabaki genuen lehenengo batzarra deitzea, eta hortik jendea animatu da.

2. Batzarren bidez antolatu dituzue, beraz.
Lehenengo batzarrean hamabi bat pertsona agertu ginen, kopuru polita. Helburua da herriaren festa bat izatea, herria auzolanean egitea. Denon artean egitarau partehartzailea egin genuen, eta denon artean erabaki genuen bi edo hiru egun izango zirela, eta asteburu hori izango zela.

3. Apiriletik 26tik 28ra. Zergatik data hori?
Ez dago data finkorik. Aurten horrela erabaki genuen, ez da San Benito izan zelako edo santu bati lotuta. Aste Santua nola tokatzen zen, horren arabera egitea erabaki genuen. Datorren urterako balorazioan begiratu beharko dugu data egokia izan den. Agian datorren urtean maiatzera eramango edo martxoan ospatuko dugu.

4. Hurrengoetan pentsatzen ari zarete?
Balorazioa egin beharko dugu. Lehenengo hauek pasa behar dira. Baina jendea galdezka dabil ea datorren urtean noiz izango diren.

5. Aurretik Bakaikuko festa egitarauan horrelakorik zegoen?
Ez. Gerora bai ospatzen da San Juan eta gero festak, Santiagoak, uztailean.

6. Festa bat falta zen egutegian. 
Falta ziren. Iturmendin eta Urdiainen, esaterako, festa txikiak dituzte. Beste batzuek udazkeneko feriak dituzte, bada guk Udaberriko festak edo festa txikiak. Hortik dator ideia.

7. Nola izan da antolatzeko prozesua?
Lehenengo gauza bi edo hiru egun hautatzea izan zen. Ekimen partehartzaileak antolatzea erabaki genuen. Pintxopotea egin beharrean patata tortillaren lehiaketa antolatzea edo aurretik frontenis txapelketa egitea eta finala festetan jokatzea. Bakaikun ez da herri bazkaririk egiten, eta hori ere planteatu zen. Herri apustuan ere herritarrek parte har dezaten antolatu dugu, lau kapitain daude eta denok parte hartzeko modukoak izango dira probak. Denetarik sartzen saiatu gara. Azken egunean desmuntaia jarri dugu. Iganderako beste ideia bat zegoen, ez zen atera, eta gazte batek desmuntaiarena proposatu zuen.

8. Nola hartu du herriak?
Hasiera batean gogotsu zegoen. Orain ez dakit; ez dakit nolakoa izango den erantzuna. Zerbait desberdina egiteko gogotsu zegoen jendea, eta gogotsu jarraitzea espero dut. Karpa bat jarriko dugu plazan. Beti elkartean zentratzen gara, eta horrekin hautsi nahi genuen ere. Beste festa eredu batzuk sortu.

9. Hurrengoak, uztaileko festak, presatatzen ari zarete?
Biak batera hasi ginen. Kultura batzordea da festez arduratzen dena, eta udaberriko festak herrikoiagoak dira. Ezberdinak direla esango nuke. Kultura batzordean nahi duenak parte har dezake, baina ofizialagoak dira, diru gehiago mugitzen dute. Hauek autogestionatuagoak dira. Ez dugu gauza handirik bilatu. Herriak egindakoak dira.

10. Bakaikuko festetan jendetza biltzen da. Zer dute?
Etortzen den jendeari galdetu beharko diogu. Egia da, haurra nintzenean jende askoz gehiago mugitzen zela. Jendea gogotsu etortzen zen.

11. Bakaikuarrek egindako festak, bakaikuarrendako, baina kanpoko jendea joaten nahi duzue?
Jendea beti ongietorria da. Ostiralean Beietz! talde arbizuarraren eta Iruñeko erromeria bat izanen dira, gero larunbatean egun handia izango da, eta herritarrena: apustua egongo da, herri bazkaria urdindarrek sukaldatzeko tresnak utzi dizkigute eta ondoren, Pantxo Valbuena mariatxi ezaguna. Gazte asanbladak DJ ibiltari bat antolatu du eta arratsaldean auzatea izango da. Bakaikun auzatea oso garrantzitsua da, eta ondoko herrietatik ere jendea etortzen da. Luzianok organoarekin musika jarriko du, eta ondoren DJ emakume batzuk. Hori izango da plana.