Oinezkoak plazan nagusi

Guaixe 2024ko api. 24a, 11:16

Lanak despedituta, oinezkoek erosoago ibiltzeko aukera dute orain.

Martxoarekin batera despeditu ziren Etxarri Aranazko plazan egindako lanak. Lau tokitan zorua oinezkoendako irisgarriagoa izateko lanak egin zituzten Xego17 SM eta Canalizaciones JFG SM enpresek. Alde batetik, liburutegiaren, kutxaren eta liburu dendaren arteko espazioan zorua altura berean jarri da, udaletxe pareko zabalguneko altura berean utziz. Aldi berean, liburutegirako sarbide irisgarri bihurtu dute. 

Bestetik, Kale Nagusiaren eta Mundiño kalearen bidegurutzearen ondoan, udaletxeko espaloia eta pareko zelaiguneko zorua altuera bereko zebrabide goratu batekin lotu dituzte. Bestetik, plazako zuhaiztia erdibitzen diren puntuetan zorua jaso egin dute plazaren altuera berean uzteko. Maiza eta Lazkoz kaleen parean egin dituzte lanok. Ondorioz, plaza guztia altura berean dago, liburutegitik jolas parkeraino, oinezkoei lehentasuna emanez. Lanen truke udalak 91.091,95 euro (BEZ barne) ordaindu ditu.