Txirrindularitza

Isil eta umil, badoa Imanol Erbiti

Guaixe 2023ko urr. 10a, 10:14
Imanol Erbiti Enric Mas gidatzen, aurtengo Vueltan. MOVISTAR TEAM-GETTY IMAGES

Hiriberriko talde gizon fidelak txirrindularitzari agur esan dio profesionalen mailan hemeretzi denboraldi egin eta gero, guztiak eskuadra berean.Hiru garaipen lortu ditu, baina palmares handiena taldekideetatik eta txirrindularitza munduan jaso duen aitortza eta maitasuna da 

Azkenean erabakia hartu du Imanol Erbiti Ollo txirrindulariak (Hiriberri, 1983-11-15). 39 urterekin,  profesionaletan bere 19. denboraldia osatu duenean, guztiak eskuadra berean, txirrindularitza utziko duela erabaki du tropelean errespetatua eta mirestua den talde gizon fidel eta umilak. 

Utzi dituen zenbakiak izugarriak dira: Frantziako hamahiru Tour, Espainiako hamabost Vuelta, Giro bat, 2016ko Rioko Olinpiar Jokoak, Munduko zortzi txapelketa eta Europako hiru, azkena,  irailaren 24an. Hiru garaipen lortu ditu: 2008an eta 2010ean Vueltan lortu zituenak, eta Errioxako Itzulian lortu zuena. Baina, agian, sari garrantzitsuena, bere ibilbidean jaso duen miresmena eta egunotan jasotzen ari den aitortza amaigabea da. 

Beste etapa bat
“Bizitza, beste lasterketak bezala, etapa ezberdinez osatuta dago. Etapa bat bukatzen denean aukera berriak sortzen dira. Orain, airea hartu, hausnarketa egin, eta aukerak gauzatzea dagokit. Laster arte! Azaldu du Hiriberriko txirrindulari handiak bere Sare Sozialetan. Halaber, Movistar Team egituran bizi izan dituen 19 urte hauek “ahaztezinak” izan direla aitortu du eta “eskerrik beroenak” eman dizkie taldeko kide guztiei, “jubenila nintzenetik nigan erreparatu zutenetatik hasita, gaur egungo kideetara”. 

Bere agurrak txirrindularitza munduan mezu zaparrada sortu du. Txirrindulari eta teknikari guztiek Imanol Erbitiren lana goraipatu dute eta “talde gizonaren adibide dela” nabarmendu dute.