OSAGAIAK (4 lag.)

Aza-saltsa
200 g aza
oliba-olioa
gatza
200 g esne-gain

Babarrun-saltsa
200 g babarrun (eginik)
200 g patata
1 tipula (morea, aukeran)
oliba-olioa
gatza

Ganbak
20 ganba
2 baratxuri
oliba-olioa
gatza
perrexila


NOLA EGIN

Aza-saltsa
  • Hartu azaren kanpoko aldeko hostoak, jarri ura berotzen eltze batean, gatza gehiturik, eta egosi aza bertan, 10 bat minutuz. Bete ontzi bat ur hotzez, eta atera egositako aza hostoak bertara. Gorde egosteko erabili dugun ura.
  • Txikitu azaren beste erdia, erdigune zuria. Berotu olio pixka bat zartagin batean, eta potxatu aza bertan, gatza emanda. Aza su txikian egin, suabe-suabe. Ia eginik dagoenean, gehitu ganben buruen zukua eta nahastu.
  • Jarri egositako aza hostoak irabiagailuaren ontzian, ur pixka batekin, eta irabiagailuarekin txikitu. Txikitzen ari garela, gehitu oliba-olio pixka bat eta esne-gaina ere bai.
  • Jarri aza-saltsa ontzi batean, iragazirik, eta gehitu potxatutako aza. Behar badu, gatza eman, eta eman irakinaldi bat.

Babarrun-saltsa
  • Patatak zuritu eta koskatu; tipula txikitu. Jarri eltze batean oliba-olio piska bat, eta sueztitu bertan patatak eta tipula.
  • Tipula pixka bat gorritutakoan, gehitu aza egosteko erabili dugun ura, patatak estaltzeko adina. Eduki sutan patatak egin arte, eta ur gehiena urritu arte, saltsa lodia behar dugu-eta.
  • Azkenik, gehitu babarrunak (eginik, bezperan-edo sobratu zaizkigunak). Eman irakinaldi bat denari, eta irabiagailuarekin txikitu. Iragazi.

Ganbak
  • Ganbak zuritu, eta gorde buruen zukua, azari gehitzeko.
  • Igurtzi olioz labeko erretilu bat, eta jarri ganbak gainean.
  • Gehitu ganbei oliba-olio pixka bat, baratxuriak txikiturik, gatza eta perrexil pixka bat.
  • Labea 180º-tan dugula, sartu ganbak bertan eta egin 5 bat minutuz.

Platerean nola
  • Plater sakon batean, jarri babarrun-saltsa erdian.
  • Jarri aza-saltsa inguruan.
  • Azkenik, jarri ganbak babarrun-saltsaren gainean.

Osorik irakurri