Orokorrean, Lakuntzak daukan egoera oso-oso ona da

Guaixe 2016ko aza. 25a, 11:15

Oihane Uribe-etxeberria,Lakuntzako kultur batzordeko kidea

Lakuntzako kultur diagnosia egiteko prozesua nolakoa izan da?
Diagnosia izateko, ez da oso luzea izan. Kultura batzordean martxoan proposatu genuen eta garilerako, gutxi gorabehera, despedituta zegoen. Talde batek egin du, lanak banatu ditugu eta nahiko eraman erraza izan da.

Nolako ondorioa atera duzue? Lakuntzan dugunarekin kontentu egon gaitezke?
Orokorrean, Lakuntzak daukan egoera oso-oso ona da. Azken urtetan ekipamendu eta zerbitzuetan emandako bilakaera izugarria izan da. Halako herri baterako ekipamendu oso-oso egokiak dauzkagu. Hobekuntzak behar dituzte, jakina, baia oso egokiak dira, oso onak. Bestalde, Lakuntzan talde desberdinetan antolatuta jende asko dago. Guztira 97 pertsona daude antolatuta talde desberdinetan. Haiek osatzen duten sarea, nolabait jende guztia ukitzen duten, mila pertsona inguruk osatzen dute.

1.200 pertsona dituen herri baterako…
Potentzialitatea oso-oso handia da. Ekipamenduak dauzkagu, haietarako behar handirik ez dugu. Beraz, gauzak egiteko diru asko ez dugu behar, azpiegitura egokiak ditugulako. Eta badirudi jendea ere antolatuta dagoela.

Zer gabezia edo hobekuntza eskatzen dira, orokorrean?
Hobetzeko eskaera nagusia sarean lan egiten ikastea da. Sarean lan egiteko beste modu batzuk asmatu behar ditugu.

Taldeak koordinatzea, finean.
Herri gisa funtzionatzea batak bestea lagunduz. Kezka nagusia, nabarmena, belaunaldi arteko haustura da. Non daude gazteak? Ez ditugu ezagutzen. Ez dakigu non dauden. Zer pentsatzen duten. Ez dauzkagu datuak.

Diagnosiarekin, jendeak zein sentipen du?
50-60 orriko laburpena egin dugu aurkezpenean. Saiatu gara pixka bat dinamikoa izaten, argazki orokor bat ematen. Baina ez, dakit. Jendeak esan beharko du. Batek lan handia egin dugula ikusten duela esan du. Datu eta informazio asko dago. Lan handia dagoela atzean. Orokorrean jendea, ez dakit oso ilusionatuta bizi garen. Gauzez nahiko saturatuta gaude, nik uste.

Pentsatzekoa da kultura batzordetik herriko taldeak deituko dituzuela diagnosiarekin zer egin erabakitzeko, ezta?
Bai, hurrengo pausoa da. Atera diren beharrak edo lan ildoak ordenatzea eta, lehentasunen arabera, betikoa, lana banatu, ardurak banatu eta martxan jartzea. Gauza asko daude. Erabaki beharko duguna da egiten ditugun hamar gauza, bi edo lau. Antolatzea izanen da hurrengo pausoa. Esan beharra dago Kultura Batzordean zazpi pertsona gaudela antolatuta, astero biltzen garenak. Itxura ona dauka. Denak emakumezkoak gara.

Diagnosiaren puntu inportantea da hori!
Oso. Datu harrigarria iruditzen zait. Antolatuta dauden taldeen organo iraunkorretan gehiengoa emakumezkoa da. Liburutegiko erabiltzaileak, gehiengoa, emakumezkoak. Inkesta erantzun dutenak, gehienak emakumezkoak. Ikastaroetan gehienak emakumezkoak. Kultura Batzordean, bat ezik, denak emakumezkoak. Oso esanguratsua da. Gizartearen beste antolakuntza batzuekin kontrastatuta, udalarekin, adibidez, zinegotzi guztiak gizonezkoak baitira. Datu horrek esaten du atzeko lanean, eguneroko lanean, emakumezkoak jo eta su daudela, baina gero agerikoagoak diren lanetan ez gaude. Hausnarketarako ematen duen datua da.