eLe festa, euskal hiztun berriei harrera festa

Guaixe 2017ko mai. 8a, 11:57

6 hiztun berri eta 4 mintzakide sakandar omendu zituzten larunbatean.

Sakanako AEK-k, Mintzakide programak eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak eLe festa antolatuta, ibarreko hiztun berriak eta mintzakideak omentzeko ospakizuna egin zen larunbatean Altsasun, Altsasuko Gazte Asanbladak antolatutako Euskal Festaren barruan. Omenaldian 60 bat pertsona elkartu ziren.

Antolatzaileek euren burua euskalduntzeko egindako ahalegina eta Sakanako euskaldunen komunitatea handitzeko erabakia eskertu zieten omenduei. 10 izan ziren, agenda arazoengatik beste batzuk ezin izan baitzuten ekitaldian izan. Banan-banan, aitortza jaso zutenen izen-abizenak esan, eta jendaurrera atera ziren. Haien aurretik euskalduntzea erabaki zuten beste hiztun sakandar batzuen eskutik opari bana jaso zuten omenduek.   

Jarraian, ibarreko euskaldunen komunitatea kide berriekin handitu dela ospatzeko, elkarri euskara oparitu zioten mintzodromo batean. Zazpi taldetan banatuta, hiztun berriek eta mintzakideek euskarazko komunitateko kide berriak ezagutu eta haiekin euskara praktikatu zuten. Ordu erdi inguru aritu ziren bost gairen inguruan hizketan, gai bakoitzean hizketa-lagunak aldatuz. Horrela, Sakanako euskara hiztunen arteko sare berriak sortu, eta eLe festako protagonistak, hiztun berriak eta Mintzakideko kideak, haietan sartu ziren. Aldi berean, bertan zirenen seme-alabek, Manolarekin eta Julerekin plaza koloreztatzeko aukera izan zuten. Ondoren, auzatean euskaraz gehiago aritzeko aukera izan zuten guztiek.

Bukatzeko, antolatzaileek eLe festaz gain, festaren leloa gogora ekarriz, egunerokoan Sakanan euskara praktikatu eta bizitzeko deia egin zuten. Sakandarrei aurten euskarak 365 egun dituela gogoratuz despeditu ziren. Mintzakideendako ez zen hor bukatu ospakizuna. Elkarrekin bazkaldu zuten Zubiondo elkartean. 20 bat lagun elkartu ziren mahaiaren inguruan ele festarekin jarraitzeko. Antolatzaileek 2. edizio honen aurreneko balorazio positiboa egin zuten. Batez ere, Mintzodromoan izandako giro polita azpimarratu zuten.

Ikasteko aukera gehiago
Larunbatean omendutakoen eredua segitu nahi dutenek AEK-ren Itsasi euskaltegian izena eman dezakete. Aurrematrikulazioa ekainean zabalduko da. Aukera hori baliatzen dutenek % 5eko deskontua izanen dute. Bestela, Sakanako AEKn ohiko matrikulazioa egiteko aukera izanen dute irailean. Informazioa eskatu daiteke 948 468 258 telefonoan edo Itsasi euskaltegian. Gainera, AEK-k udarako barnetegi eskaintza zabala du.

Euskara ikasleek, bestalde, Sakanako Mankomunitatearen diru-laguntza eskatzeko aukera dute. Eskabideak ekainaren 1etik uztailaren 31ra arte aurkeztu behar dira Sakanako Mankomunitatearen egoitzan, Lakuntzan.

Bestalde, Sakanako Mintzakide programan izena emateko epea irailean zabalduko da. Astean behin, hiruzpalau lagun elkartu eta gustuko jarduera egin bitartean euskara praktikatzeko aukera bikaina da, eta, gainera, doan. Informazio gehiago 600 482 024 telefonoan edo Itsasi euskaltegian izanen dute.

 Omenduak Ama-aita pontekoak
Eva Garisoain Ana Aberasturi
Pili Rellan Maite Miguel
Rabeb Ridane Javi Paz
Marian Fresneda Laura Latorre
Inaxio Lezea Juan Manuel Sanchez
Isabel Muñoz Estitxu Lopez
Eider Etxeberria Ines Ormaetxea
Sonia Maria Josu Ducar
Ane Sanchez Rosa Mendoza
Jose Angel Arregi Jose Mari Rodriguez