Nafarroako Gobernuak Kirol Merituaren Urrezko Saria eman dio Ioseba Fernandez irristatzaileari

Guaixe 2023ko aza. 16a, 10:00
Ioseba Fernandez, 2021ean Kolonbiako Mundialetan lortutako urrezko dominarekin. ARTXIBOA

Gobernuak kirolaren sustapenean egindako lanagatik banatuko dituen 30 zilarrezko dominen artean Lagun Artea Futbol Taldeko Javier Andueza lakuntzarra dago. Imanol Erbiti txirrindulariak domina jasoko du, Nafarroako irudia nazioartean zabaltzeagatik eta kirol balioak sustatzeagatik

Nafarroako Gobernuak azaroaren 15eko bilkuran Kirol Merituaren Urrezko Domina Ioseba Fernandez Fernandez irristatzaile iturmendiarrari ematea erabaki zuen, “abiadura irristaketan izandako ibilbide arrakastatsu eta dizdiratsuarengatik”. 

Ioseba Fernandez Uharte Arakilgo Aralar Mendi klubean hasi zen irristaketan trebatzen. Estatuko lehen domina 2008an lortu zuen, Lagunak taldean zegoela. Bere palmaresa oso zabala da, baina Munduko Irristaketa Txapelketetan urrezko bost domina ditu, bestelako 11 dominekin batera. Horretaz gain, hamazazpi aldiz izan da Europako txapelduna, eta 32 aldiz Espainiako txapelduna, hainbat distantziatan. Bestalde, 100 m eta 200 m distantzietako munduko errekorrak ditu. 2021 urtean utzi zuen irristaketa lehiaketa, Kolonbiako Mundialetan urrezko domina lortu eta gero. Bere ibilbidean Cobra el Parat, Berriro Ere IT, Amaya Sport-San Antonio, Maestro Skates International Team eta NL Custom Design World Team taldeetako kidea izan da. 

Zilarrezko domina Javier Anduezari
Bestalde, Nafarroako Gobernuak 30 zilarrezko domina emango ditu, 25 urtetan baino gehiago kirola eta jarduera fisikoaren arloan egindako lana eskertzeko. Domina jasoko dutenen artean Javier Andueza Artieda lakuntzarra dago, Lagun Artea Futbol Elkarteko juntako kidea. Anduezak Lagun Artearen aldeko lan ordainezina egin du urte luzez. 

Imanol Erbiti
Halaber, Nafarroako Gobernuak bost domina banatuko ditu, kirol balioak sustatzeagatik eta kirolaren bidez Nafarroaren irudia nazioartean zabaltzeagatik. Tartean dago aurten erretiroa hartu duen Imanol Erbiti Ollo Hiriberriko txirrindularia. 

Dominen sari emate ekitaldia azaroaren 27an izango da.