Astekaria

“Sorpresaz, ilusioz eta eskertuta” jaso du Urrezko Domina

Guaixe 2023ko abe. 11a, 11:40
Domina jaso zuten guztiak, Ioseba Fernandez, Javier Andueza eta Imanol Erbiti tartean. NAFARROAKO GOBERNUA

Ioseba Fernandez irristatzaile ohi iturmendiarrak Nafarroako Kirol Merituaren Urrezko Domina jaso zuen Maria Chiviteren eskuetatik. Halaber, Imanol Erbitik bere ibilbideagatik Zilarrezko Domina jaso zuen, eta Lagun Artea Futbol Taldeko Javier Anduezak Kirol Merituari Zilarrezko Domina

Nafarroako Jauregiko Tronuaren Gelan azaroaren 27an egindako ekitaldian, eta Maria Chivite presidentea buru zela, banatu ziren Nafarroako Gobernuaren Kirol Merituaren dominak, Nafarroako kirolaren sari garrantzitsuenak. Ekitaldian Kultura, Kirol eta Turismo kontseilari Rebeca Esnaola eta Nafarroako Kirol Institutuko kudeatzaile Jorge Agirre izan ziren. Ioseba Fernandez Fernandez irristalari ohi iturmendiarrak Urrezko Domina jaso zuen, “irristaketan izandako ibilbide arrakastatsu eta distiratsuarengatik, irristaketan legenda izateagatik eta etengabe gainditzeko grinaren adibide izateagatik”, Maria Chiviteren hitzetan.

Ioseba Fernandezek aitortu zuen “sorpresa” hartu zuela izendapenaren berri izaterakoan, “sorpresa pozgarria”, 2021ean Munduko Txapelketa irabazi eta gero erretiratu baitzen. “Ez nuen espero nitaz oroituko zirenik. Halako ekitaldiak ez ditut oso gustuko, baina aitortu beharra dut ilusioa ere piztu zitzaidala”. Berarendako “urte luzez egindako lanaren saria” izan da izendapena, “bizitza guztia kirolari eskaini izanagatik jasotako aitortza berezia, kirolari baten esfortzua saritzen duelako”. 

Iturmendiko irristatzaileak bere emazte Ana Llorens atleta eta gimnasta, eta euren seme Marc izan zituen alboan. Bere ibilbidean alboan izandako Carmelo Paniagua, Nafarroako eta Espainiako Irristaketa Federazioko presidentea, eta Esteban Gorostiaga prestatzailea gogoan izan zituen, eta baita ere bere gurasoak, Jose Luis Fernandez eta Itxaso Fernandez. 

Palmares ikusgarria
Kolonbian 2021eko azaroaren 11n Munduko Abiadura Irristaketa Txapelketan 100 metroko lasterketa irabazita, 32 urterekin eliteko irristaketa utzi zuen Ioseba Fernandez Fernandez iturmendiarrak, bere irristaketa ibilbidearen gorenean zegoela. Palmares ikusgarria du: Munduko Txapelketetan urrezko bost domina, zilarrezko sei eta brontzezko sei; Europako Txapelketetan hamazazpi titulu; eta Espainiako Txapelketan 32 aldiz txapeldun izan da. Munduko errekorrak ezarri ditu: 2012an 200 metrotan 15.879 segundokoa; 2012an 300 metroko erlojupekoan 23.938koa; 2018an 100 metrotan 9.684 segundokoa, urte berean 9.604ra jaitsi zuena eta 2019an, Marbellan, 9.55an egin zuena. 2012 urtetik ez zen Munduko podiumetik jaitsi, bere ibilbideari agur esan arte, oso lasai eta eskertuta. Patinak zintzilikatuta, suhiltzaile izateko ikasten hasi zen, plaza atera du eta aurki hasiko da suhiltzaile, “txikitako ilusioa”. “Suhiltzaile izateko irristalari ona izateko baino gehiago saiatu nintzen. Beraz, atera kontuak”. 

Imanol Erbitiren zilarra
Txirrindularitzatik erretiroa hartu berri duen Imanol Erbiti Ollok zilarrezko domina jaso zuen, “kirolaren bidez Nafarroaren irudia nazioartean zabaltzeagatik eta kirol balioak sustatzeagatik”. Domina hau ere bere ibilbideari egindako aitortza da. Hiriberrikoa eskertuta eta pozik zegoen. “Niretako kirola joko bat izan da; jendeak ezagutu eta babesten zaituela ikustea, eta bero hori jasotzea oso polita izan da” azaldu zuen. 

Javier Andueza
Bestalde, 25 urtean baino gehiago kirola eta jarduera fisikoa sustatzeagatik 29 domina banatu zituen Nafarroako Gobernuak. Horietako bat Lakuntzako Lagun Artea Futbol Taldeko Javier Andueza Artiedak jaso zuen, “horrenbeste urtez juntako kide izateagatik eta futbola sustatzeko lan gogorra egiteagatik”. 

Erlazionatuak