Komunitate zaintza proiektuaren aurkezpena

Guaixe 2023ko abe. 18a, 11:00
Adineko dorrobarra plazan. ARTXIBOA

Adineko pertsonen bakardade ez hautatuari aurre egiteko egitasmoa da Teknoadineko.

Haiek nahi gabe bada ere, adineko makina bat sakandar bakarrik daude, haiek aukeratu gabeko bakardadea da. Horren jakitun, Zakan Sozial kooperatiba Sakanako Garapen Agentziarekin, ibarreko hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin eta udalekin batera Teknoadineko proiektua garatu dute. Haren bidez adinekoen zaurgarritasun egoerak goiz antzeman eta, gainera, egoera horiek sailkatzen ditu. Horrek aukera ematen du zerbitzuak eta gizarte eta hezkuntza eskuhartzeen programak diseinatzeko. Egitasmoak behar bezala funtzionatzeko, erakundeez aparte sakandarren parte hartzea ezinbestekoa izanen da, auzo zaintza edo komunitate zaintza martxan jarri nahi baita. 

Proiektuaren sustatzaileek haren berri emateko hiru hitzaldi antolatu dituzte. Haietan egindako diagnosiaren berri eman eta ateratako ondorioak jakinaraziko dituzte. Bestetik, bakardade ez hautatua zer den azalduko dute eta, azkenik, zaintzen duen komunitate bat sortzeko lehen pausoak eman nahi dituzte. 

Hitzaldien egutegia

  • Etxarri Aranatzen abenduaren 19an, asteartean, 17:00etan liburutegian.
  • Irurtzunen abenduaren 20an, asteazkenean, 17:00etan udaletxean.
  • Altsasun abenduaren 21ean, ostegunean, 17:00etan Gure Etxea eraikinean.
Erlazionatuak