Plazaolako bide berdea Iruñeraino iristen da

Guaixe 2024ko api. 15a, 13:13
Txirrindulariak Plazaola bide berdean, egokitutako azken zatian. NAFARROAKO GOBERNUA

Sarasa eta hiriburuaren arteko egokitzapen lanak despedituta, Plazaolako bide berdearen Nafarroako zatia egina dago. Bide berdeak Andoain eta Iruñea lotzen ditu Irurtzun eta Aizkorbe barna. Trenbidearen jatorrizko 84 kilometroetatik 78 bide berdeak dira. 

Nafarroako Gobernuak gaur mustu du Plazaolako bide berdearen Sarasa eta Iruña arteko zatia (9,65 km). Zati hori Itza, Berriobeiti, Berriozar eta Iruñeko udalerrietan dago. Lanek 455.000,47 euroko aurrekontua izan dute, eta Berreskuratze eta Erresilientzia Planaren Next Generation funts europarren bidez finantzatu da. Obrak sei hilabetetan egin dituzte.

Rebeca Esnaola Bermejo Kultura, Kirol eta Turismo kontseilariak azaldu duenez, “bide berde hori erabilera publikorako da, komunikazio bide gisa, eta lurraldea egituratzeko elementua da”. Gaineratu duenez, “landa guneen arteko lotura errazten du, natura ingurunearekiko kontaktua eta errespetua sustatzen ditu. Gainera, motorizatu gabeko komunikazio bide bat da, paisaia edertasun handiko landa eremuen bidez, landaredi biodibertsitate handiko eta aberastasun geologikoko eremu batean inskribatuta dagoena”.

Kontseilariak nabarmendu duenez, “ibilbide berriak garrantzi turistiko handia du Nafarroarendako, bizikletaren turismoari lotutako estrategia sendoa indartzen du”. Plazaolako bide berdea Iruñerriko ibai ertzeko parkearekin lotuta dago hegoaldetik. Eta hura, aldi berean, Iratiko bide berdearekin. Horrek aukera ematen du Aragoirekin bat egiteko. Iparraldetik, berriz, Plazaolak Bidasoako bide berdearekin lotuta dago. Eta, aldi berean, Norvegian jaio eta Portugalen bukatzen den EuroVelo 1 kontinenteko bizikleta ibilbidearen zati bat da. 

Ipar-hego norabideetan, Irurtzun bidegurutzea da. Eta are gehiago izanen da Sakana zeharkatzen duen bizikleta ibilbidea sortzean. Bizikletendako azpiegitura hori ibarra egituratzeaz aparte, Agurainerainoko segida izanen du. 


Mustutze ekitaldian parte hartu duten agintariak. NAFARROAKO GOBERNUA

Meatze trenbidea
Iruña-Donostia trenbidea 1914an mustu zen. Trazadura Plazaolako meategiak eta Andoain lotzen zituen industria izaerako aurreko trenbide instalazio baten luzapen gisa sortu zen. Meatzea Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugan zegoen, eta hasierako trazadura, minerala euskal trenbideen sareraino garraiatzeko erabiltzen zen.

Iruñeraino luzatu zenean, linea bidaiarien eta merkantzien garraiobide bihurtu zen, eta trenbidea sorrarazi zuen meatze xedea bigarren mugara mugatu zen. Obra, bere garaian, ingeniaritza alardetzat hartu zen, batez ere, finkatu zen geografia gorabeheratsuaren arabera.

Ia 40 urtez, trenbidea garapenaren balio berrietara egokitzen zen landa-gizarte baten esparruan izandako aurrerapenaren adierazgarri izan zen. Aldi berean, tren txikia trukerako ardatz bat izan zen, bi hiriak beren muturretatik elkartzeaz aparte, zeharkatzen zituen herrietako biztanleei aukera berriak irekitzen zizkiena.

Plazaolak 1953. urtera arte funtzionatu zuen. Urte hartako uholdeek zubien zati handi bat arrastaka eraman zituzten, baina jada ez zituzten berritu, eta autobusak zerbitzu bera ematen zuen, denbora gutxiagoan eta kostu txikiagoarekin.