Jolas parkea berritzeko prozesua abiarazi dute Lakuntzan

Guaixe 2024ko api. 15a, 09:00
Hogei bat lakuntzar elkartu ziren martxoaren 2ko bileran. UDALA

Duela 11 urte egindako parkeko elementu batzuk berritzea behar dute, eta tirolina bat jartzeak espazioa berrantolatzea eskatzen du. Hori dela eta, lakuntzarren parte hartzearekin, atzera ere, parkea amestu eta diseinatuko dute, ondoren, zati bat auzolanean egiteko.

Parkea Martxan ekimenaren bidez Lakuntzako jolas parkea berritu eta 2013ko lastailaren 12an mustu zen. Orduz geroztik parkean elementu gehiago jarri dira. Baina denborak ere lan egin du, batez ere, auzolanean egin zen eremu ez egituratuan. Zenbait mantentze lan eta birmoldaketa behar dira. Gainera, aurreko udalak 30 metro luze den tirolina bat erosi zuen. Hura non jarri erabaki behar da, espazioaren erabilera baldintzatzen baitu. 

Horiek guztiak kontuan izanda, atzera ere, parkearen inguruko parte hartze prozesua martxan jarri dute Lakuntzan. Udalak deituta hogei bat lakuntzar elkartu ziren martxoaren 2an parkean bertan. Hura berritzeko talde motorra sortu dute zenbait lakuntzarrek. Bera da prozesua gidatzeaz eta antolatzeaz arduratu dena. Parkearen eraberritze lanak parte hartzearen bidez egiteko asmoaren berri udaletxean aurkeztu zuten martxoaren 22an.

Apirilean "amesten" fasean sartu dira, adin guztietako lakuntzarren iritzia jaso nahi dute maiatza bitartean. Horren barruan, 12 eta 16 urte bitarteko gazteekin izan ziren apirilaren 5ean. Eta hurrengo egunean haurrekin. Familiekin, eskolarekin eta adinduen elkartekoekin ere bilerak eginen dituzte. Jakina, edozein herritarrek du iritzia emateko aukera. Dagoeneko eremu horretarako ideia asko jasotzen ari dira. Esaterako, martxoaren 2an honako ideiak jaso zituzten: eskalatzeko eremua, mahai eta banku gehiago, oreka jolasak eta helduendako elementuak, ateak lekuz aldatzea eta argiterian hobekuntzak egitea. 

Hirugarren fasean jasotako ideien inguruko erabakiak hartu beharko dituzte, zein diren bideragarriak eta zein ez. Eta erabakiak hartuta, espazioa nola antolatu zehaztu beharko da. Horretarako, arkitektoaren laguntza izanen dute. Behin guztia erabakita, azken fasean eraikitzeko garaia izanen da. Segurtasun arauak eta bestelakoak bete behar direnez, enpresa bat arduratuko da tirolina jartzeaz. Baina gainontzeko lanak auzolanean eginen dituzte garagarriletik aurrera. 

Ibilbidea
Parkearen ondoan zinema zaharra zegoen eta hura kultur etxe bihurtzeko lanak egiteko aldamenean zegoen parkea kendu behar izan zen, eta beste toki batera eraman. Toki aldaketan nahiko hondatu zen jolas parkea. Ondorioz Lakuntza haur txikiendako parke egituraturik gabe gelditu zen. Finantza krisiaren ondorioak bete-betean jo zuten garaian udalak ez zuen parkea berritzeko dirurik. Baina hainbat lakuntzarrek bat egitea erabaki eta parkearen ingurukoak antolatzea erabaki zuten. Hala sortu zen Parkea Martxan taldea 2012ko lastailean. Helburuak: haurrek parke duin bat izatea, elkarlana eta auzolana bulkatzea eta herria egitea. 

Taldekideak bildu eta helburuak zehaztu ondoren hiru batzorde sortu zituzten: ekonomia, jarduerak prestatzekoa eta parte hartze prozesuaren koordinazioa. Dirua lortzeko helburuz jardueren batzordearen baitan denetarik proposatu zen eta, besteak beste, honakoak egin ziren: Parkea Martxan Eguna, hainbat adinetakori zuzendutako tailerrak, bigarren eskuko bi azoka, eguberritako saskien zozketa, festetan barra eta musika jaialdia.  

Lau zati 
Haur txikiendako parke egituratua lortzeko helburuz abiatutakoaren asmoa handitu egin zen. Izan ere, Lakuntzako parkeak eremu zabala hartzen du eta hura lau zatitan banatu zuten. Jolas parkea egon zen tokiaren ondoan porlanezko kirol pista eta futbol zelai moduan erabiltzen zen belardi handia zegoen, eta dago. Aukera desberdinak eskaintzeko kirol pista berritzea erabaki zuten; ateak, saskiak eta ping pong mahaia jarri zituzten. Belardiaren zati batean parke ez egituratua jartzeko, enborrak, harriak, pneumatikoak, haietan ere haurrak jolas daitezen. 

Auzolan gehienak eremu horretan egin zituzten. Haurrek beraiek diseinatu zuten parkea. Laugarren zatia haurrendako parke egituratua izan zen, edozein herritakoaren modukoa. Lau proposamenen artean haurrek gogokoenaren alde botoa emateko aukera izan zuten. 

Kronologia laburra

2012-06 Espainiako Gobernuaren murrizketek hark diruz lagundutako zinemako lanak geldiarazi zituzten behin-behinean. Irailean erabaki irmoa izan zen.

2012-10 Parkea Martxan taldea sortu zen.

2012-11-25 Bigarren eskuko azoka.

2012-12 Gabonetako saskien zozketa.

2013-01-19 Barra festetan.

2013-05-25 Parkearen aldeko kontzertuak plazan.

2013-06-06 Haurtzaroaren kultura, gurasoendako hitzaldia.

2013-06-15 Parkearen eguna. 3 eta 12 urte bitarteko haurrek lau proposamenen artean bozkatu zuten.

2013-10-12 Parkea mustu zen.