Autobiako gerriratuagatik bi etxebizitza bloke bota dituzte

Guaixe 2024ko api. 24a, 09:00

Nafarroako Gobernuak bota zituen porlandegiaren jabetzako etxebizitzak. Han lurra zabaldu eta zuhaitzak landatuko ditu. Magala egonkortzeko foru administrazioak bi harri lubeta eraiki ditu. Lanak aurreratuta daude  eta aurki despedituko dituzte.

Leire kalearen parean, Iparraldeko Autobiaren (A-1) hegoaldean dagoen lurrari eusten zioten porlanezko zutabeen egiturak behera egin zuen otsailaren 27an. Lur mugimenduak oinarririk gabe utzi zituen Leire kaleko autoendako sei aparkaleku. Haiek berehala bota zituzten. Nafarroako Gobernuari pixka bat gehiago kosta zitzaion erabakitzea zer egin aldamenean zeuden bi etxebizitza blokeekin. 

Olatzagutiko alkate Joseba Vizuete Askargortak azaldu duenez, "etxetako oinarriak agerian gelditu ziren. Kontuan izanik eraikinak autobiaren gainean zeudela, Nafarroako Gobernuak bi eraikinak botatzea erabaki zuen. Premiagatik justifikatu zuen". Eraikinak Cementos Portland Valderrivas enpresarenak ziren. Martxo hasieran hasi ziren horrekin. Teilatuan uralita zegoenez, amiantoa kentzen trebatutako langileak aritu ziren zeregin horretan. Etxebizitza bloke horiek zeuden tokian lurra zabaldu du gobernuak eta lurrari eusteko zuhaitzak landatuko dituztela aurreratu du alkateak. 

Vizuetek azaldu duenez, "halako lan bat egiteko eraiste proiektu bat egin behar da, eta udalari tasa batzuk ordaindu. Berez, enpresak ordaindu beharko luke, baina, antza, Nafarroako Gobernuaren esku geldituko da". Alkateak gaztigatu duenez, "foru administrazioarekin harremanetan gaude, jakin nahi dugulako enpresari soilik eraitsitako bi eraikinak desjabetu zizkioten, edo ondoan dituen beste biak ere". Eraitsitako bi eraikinetan bina etxebizitza zeuden. Haietako batean garai batean porlandegiko medikua bizi izan zen. Eraikinen beheko partean merkataritza lokalak zeuden eta han enpresako langileendako ekonomatoa egon zen garai batean. 


Gerriratua izan zen tokian harri lubeta egin dute.

Lurra egonkortzeko lanak
Gerriratua izan zen tokian zeuden porlanezko pilareak kendu eta harri lubeta bat eraiki du Nafarroako Gobernuak. Han lurra zabaltzea falta zaie. Zutik gelditu ziren porlanezko zutabeak hobe finkatzeko porlan berezia bota diete. Bestalde, Leire kalearen pareko gerriratzeaz aparte beste txiki bat izan zen porlandegiaren toberaren mendebaldean. Han harri lubeta egiteko lanak egiten ari da orain foru administrazioa. Antza, lanak apirilarekin batera despeditu nahi dituzte.