Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2023

"Txapelketa baten atzean lan talde handi bat dago"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2023ko aza. 2a, 12:28
Zigor Gartzia Arregi 'Zian' bertso saio batean gai jartzaile lanetan. UTZITAKOA

Zigor Gartzia Arregi 'Zian' bertso gai jartzailea da; bertso saioetan aurkezlea izatea baino askoz gehiago bada, atzetik ideiak planteatzen eta lantzen lan asko direla azaldu du 'Zian'-ek. 

Bertsolaritzaren munduan duela ez hainbeste sartu zen Zigor Gartzia Arregi Zian Etxeberrin bizi den gai jartzailea. 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketan Vianako finalaurdenean aurkezle izan zen, eta azaroaren 4an, larunbata, 17:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean izanen den finalaurrekoan gai jartzaile izanen da ere; maila horretako saio batean aritzen den lehenengo aldia izanen dela aitortu du.

Nondik datorkizu bertsolaritzarako lotura? 
Bertsozale betidanik izan naiz, txikitatik edo gaztetatik. Egia da ez naizela sekula aritu. Bestelakorik ematen duen arren. Gazte garaian agian zerbait egin nuen, baina ez zen nirea, eta utzi nuen. Ni izatez kanpokoa naiz, eta etorri nintzenean Irurtzunen bueltan mugitzen hasi nintzen, Pikuxarren, eta Gabonetan bertso desafioak antolatzen ziren eta gaiak jarri beharra tokatzen zen. Bestetik, bertso eskola abian jarri behar zen ere. Duela sei bat urte izango da, ez asko. Horrela hasi nintzen. Zirikatu ninduten bertso desafioan, hemen Etxeberrin festetan zerbait egin behar zenean esaten zidaten, eta Barañaingo lagunek ere zerbait egiteko eskatzen zidaten. Zirikatuta ikastaro bat egin nuen, eta gai jartzaile taldean hasi nintzen.

Duela gutxi hasi zara, baina dagoeneko saio askotan parte hartu duzu, ezta? 
Urte hauek emankorrak izan dira. Irurtzun, Sakana eta Barañain inguruan ibiltzen diren bertsolariei plaza emateko, bertso desafioa sortu genuen. Duela sei urte inguru gai jartzaile heldu nion Piku Gabonetan. Plaza eman behar horretatik Aixita bertso txapelketa sortu genuen ondoren. 2019an hasi nintzen Nafarroako Bertsolari Txapelketan saioren bat aurkezten. Marino Izeta lehiaketan ere parte hartu izan dut. Bata bestearen atzetik joan dira; gustura.

Nola antolatzen zarete gai jartzaileak?

"Gure ardura bertso saioetarako gaiak proposatzea da; gaiak nolakoa behar duen izan"

Bederatzi eta hamaika gai jartzaile gara taldean. Txapelketa baten atzean lan talde handia dago, jende asko dago arlo desberdinetan lanean, eta arlo bakoitza garrantzitsua da. Bakoitzak bere aletxoa eman behar du. Gero talde antolatzailea dago, eta talde antolatzaile horretan gure gai jartzailetik ordezkari bat dago. Bederatzi eta hamaika lagunez osatutako taldea izan ohi da gai jartzaileena eta gure ardura gaiak proposatzea da; gaiak nolakoa behar duen izan. Irizpide batzuk daude; ariketa desberdinak daude, ofizioak, eta ofizio bakoitzak bere aurkeztuko modua du. Egiten duguna da, hamaikon artean txapelketari begira zaku batean ideiak sartzen ditugu, bakoitzari burura etortzen zaiona ariketa baterako edo besterako planteatuta. Irailean asteroko bilerak egiten hasi ginen, eta ideiei forma ematen zaie. Saio pila bat dira, zortzi saio, eta aurretik lan asko dago. Orduan, lehenengo pausoa zakua betetzea da. Bileretan ikusten joaten gara: zortziko handikoan gaiak behar ditugu, zenbat dira balekoak? Baldin badira aurrera, ez badira batzuetan kanpora doaz; batzuetan gai onak dira baina beste modu batera planteatu behar dira. Lan nekeza da. Saio bakoitzaren atzetik denbora pila bat dago. Gaiak daudenean errazagoa da. Okerragoa da saio bat asteburuan izan eta zortziko txikirako, esaterako, gaia falta denean... Eskertzen da taldea izatea, bestela ardura oso handia da.

Bertsolariek nondik joko duten aurreikusten duzue?  
Horregatik taldearen balioa. Bota dezaket ideia bat ustez bikaina dena, baina gero buelta ematen zaio eta zalantzan jar daiteke. Ariketa asko biren artean egiten dira, eta batzuetan haietako bat indartu dezakezu. Txapelketak duena da etengabe oreka bat bilatu behar izatea. Askoz errazagoa da plaza bateko edo edozein bertso saioko planteamendua, jolaserako aukera ematen du; ez duzu hain fin josi behar. Baina txapelketa batean asko dute jokoan, urduritasunak daude, eta gure partetik oreka hori bilatu behar dugu, eta ez da batere erraza. Saiatzen gara zertan kantatuko duten aurreikusten, baina aukera desberdinak daude gaiei heltzeko. Beste batzuetan ez da uste genuen bezain borobila. Nola formulatzen den ere garrantzitsua da. Oreka taula bat egiten dugu, eta saio guztiko ariketa guztiak bakoitzari defendatzea tokatzen zaiona jartzen dugu. Horrekin saiatzen gara oreka egoten. Batzuetan gai batzuk sartu nahi ditugun arren, ez da erraza.

Bizipenak, errealitatea, ala fikziozkoak izaten dira?
Bizipenetatik badute, beste gauza bat da nola plazaratu. Batzuetan gertakariak izan daitezke, beste batzuetan fikziora jotzen dugu. Dena ez da fikzioa eta dena ez da errealitatea. Esaterako, Leitzan Palestinaren aldeko manifestazioa sartu behar genuela argi genuen. Oso errealitatekoa da, pilpilean dagoen gaia, barrutik mugitzen duena, eta gure arriskuak hartu genituen. Baina ahal dela gauzak lotuta eta neurtuta eramaten ditugu. 

Vianan egon zinen, eta azaroaren 4an Altsasun egonen zara. Oholtzatik oholtzara alderik bada?

"Altsasukoa finalerdi bat da; maila horretako nire lehenengo aldia izanen da"

Altsasuko finalerdi bat da, eta ez dakit orain arte maila horretako saiorik aurkeztu dudan. Beraz, niretako koska bada. Desberdina da lagunarteko zerbait aurkeztu edo hau aurkeztu. Vianan gustura egon nintzen, guretako aretoa nolakoa den ere garrantzia du: oholtza gainera igo eta gustura sentitu. Vianan eman zen; areto bildua zen, gozoa, eta publikoa ere beroa dagoenean nabaritzen da. 

Erlazionatuak