Erga mendira igotzen ari zen mendizale bat ondoezik sentitu zen ostiral arratsaldean eta 112 larrialdi telefonora hots egin zuen. 24 urteko gizonezkoak gaizki zegoela jakinarazi zuen eta zegoen tokiko koordenatuak eman zituen. Suhiltzaileen Zerbitzuko Erreskate Teknikoko Taldea helikopteroz joan zen, baita inguruan zegoen Foruzaingoaren patruila bat ere. Patruila horretako agenteak izan ziren mendizalea zegoen lekura iristen lehenak.
Helikopteroa lurreratzea ezinezkoa izan zenez, erreskate taldeko suhiltzaileak jaitsi ziren eta gaixoa ohatila batean jarri zuten. Garabiarekin eta helikopteroarekin igo zuten, eta zelai batera eraman zuten, han baitzegoen Cordovillako suhiltzaile parkeko anbulantzia medikalizatua zain. Handik Nafarroako Ospitale Gunera eraman zuten.