Elizatik 320 metro ekialdera dago Aizkorbeko kanpo santua, eta astelehenaz geroztik hura arautzen duen ordenantza indarrean dago. Aizkorbeko Kontzejua desegin ondoren herriko kanpo santuko zerbitzuen zuzeneko kudeaketa Arakilgo Udalari dagokio. Hau da, hilerria administratu, mantendu, zaindu, garbitu, egokitu eta zerbitzuaren ordena zuzena bermatuko du Arakilgo Udalak. Horrekin batera, hilobien eta giltzen banaketaz eta kontzesioaz arduratuko da. Baita era guztietako ehorzketa eskubideak onartu, aldatueta haien iraungipena deklaratzeaz ere. Hilobiak hustu eta garbitzean agertzen direnak suntsitu eginen ditu udalak. Horretaz aparte, hilerriarendako zerga ordenantza bidez tasak eta eskubideak zehaztuko ditu.
Hilerriaren kudeaketa dela eta, Arakilgo Udalak aizkorbetarren beharrei erantzuteko adina hilobi eraiki eta banatuko ditu. Udalak aurreratu duenez, Aizkorbeko kanpo santuaren barruan ez du inolako espazio berezirik gordeko legeek debekatutako bereizkeria ekar dezaketen ehorzketak egiteko. Bisitariei dagokienez, “hildakoak errespetatuko dituzte eta, horretarako, ez da onartuko esparruaren seriotasuna zuzenean edo zeharka hondatzen duen edo hilobiak profanatzea, suntsitzea edo bortxatzea dakarren inolako ekintzarik”. Azkenik, Arakilgo Udalak Aizkorbeko hilerriaren erregistroa izanen du. Han jasota geldituko da hilobiaren identifikazioa, kontzesioaren data, ordaindutako tasak eta hilobiaren gaineko betebehar edo eskubideak bere bizkar hartzen dituen ordezkari edo ahaidearen izen-deiturak eta helbidea.