Igartexen kontura ELAk UGT eta CCOOri erantzun die

Guaixe 2006ko uztailaren 27a

Igartexen lan erregulazio espedientearen inguruan UGTk eta CCOO sindikatuek adierazitakoari, aurreko ostegunean ohar baten bidez, erantzun nahi izan dio ELAk. Sindikatu abertzaleak ez du ulertzen nola aipatu langile erakundeek hautsi zuten hasierako batasun sindikala. Izan ere, hasiera batean Igartexen ordezkatutako 4 sindikatuak aipatu espedientearen aurka azaldu ziren, enpresa "komertzial" batean bihurtzen zuelako. ELA sindikatuak espero du inoiz UGTk eta CCOOk azaltzea "espedientea zergatik eman zuten ontzat eta zergatik onartu zuten 20 langileren kanporatzea, zuzendaritzari Igartex komertzial bihurtzeko ateak zabalduz. Espedientearen kontra zergatik ez zuten gogor egin" jakin nahiko luke sindikatu abertzaleak. Igartexen negoziazioa egon dela esatean bi sindikatuak gezurretan ari direla dio ELAk. Sindikatu abertzaleak bere oharrean ziurtatzen duenez, "Igartexeko zuzendaritzak ez du kanporatutako langileak berkokatzeko inolako konpromisorik hartu. Gainera, UGTk eta CCOOk gezurra diote ekonomia arloan, enpresak ez baitu hasierako eskaintzan aldaketarik egin." ELArendako garbi dago ez dela negoziaketarik izan eta, aldi berean, UGTk eta CCOOk espedientea akordio bidez ixteko egindako proposamenari kaltetutako langileek emandako ezezkoa ere gogora ekarri du. Galderak ELA sindikatuak UGT eta CCOOri galdetu die: "zuzendaritzak zerbait negoziatzeko baldintza bezala ELA eta LABeko langile ordezkariek haien eskubideei uko egin eta haiek kaleratzeko aukera proposatzen duenean, nola saiatu zarete enpresarekin negoziatzen? 26 kaleratze aurreikusten dituen espediente bat mahai gainean egonda, nola liteke UGTko langile ordezkari batek aparteko orduak sartzea? Eta batez ere, bide errazena hartu eta gero eta lanpostuen defentsan borrokatu gabe, nolaz saltzen dituzte 26 langile ezerren truke?" ELAk dioenez, "bere helburuak nola edo hala lortzeko lan erregulazio espedientea aurkeztu duen enpresa batekin ezer negoziatzeaz ezin da hitz egin." ELAk halakoetan bere lanpostuaren defentsa egin nahi duten langileen ondoan izanen dela eman du jakitera. Asteazken eguerdian prentsaurrekoa eman zuten CCOOko Textil eta Kimika federazioko idazkari nagusi Ricardo Jimenok eta Marisol Marcos Igartexeko langileen ordezkaria denak. Haiekin batera izan ziren UGT sindikatuko Industriako Federazioko idazkari nagusi Jose Carlos Ruiz eta enpresan sindikatuko ordezkari diren Saturnina Morcillo eta Patxi Muñoz. Enpresan izan den lan erregulazio espedientearen inguruan argitaratu diren informazioen gainean "nazkatuta" agertu ziren eta espedientearen prozesu guztia eta hartan izan duten jokabidea aletu zuten. Ricardo Jimenok adierazi zuenez, espedientearen aurkezpena ez zen "sorpresa" izan, urte hasieran enpresak jardueraren balantze negatiboak aurkeztu baitzion enpresa batzordeari. Maiatzean espedientea aurkeztu zenean, "denen artean aurre egiten" saiatu ziren. 30 egun zeuden espedientea negoziatzeko eta ezer egiten ez zenez, 3. astean langileen batzarra egin zen. Hartan bi aukera omen zeuden, negoziatzera jarri edo Nafarroako Gobernuak erabakia hartzen uztea. Negoziazioa eta adostutakoa CCOOk eta UGTk adierazitakoaren arabera, 30 eguneko epea bukatzeko bospasei egun falta zirela bi sindikatuak enpresarekin eseri eta zenbait puntu adostu zituzten: "6 pertsona espedientetik ateratzea; kanporatutako 20 langileei kalte ordaina aurtengo soldata eguneratuarekin ematea; kanporatuko ez ziren 6 langileei zegokien dirua gainontzeko 20 kanporatuen artean banatzea (10.000 euro langileko); enpresak, gutxienez 4 urtez eta Igartexeko egitasmo industriala 46 langilerekin mantentzeko konpromisoa". Horrekin batera, espedientearen negoziazioan kanporatuak izan ziren langileendako baldintza batzuk ere aurreikusi zituzten CCOOk eta UGTk: "Igartexek premia balu, aldi baterako bada ere, kanporatuak izan diren langileak kontratatuko lituzke; Taldeko enpresaren batek langilerik behar balu kanporatutako 20 horiek lehentasuna izanen lukete eta enpresak Nafarroako Gobernuarekin gestioak eginen lituzke 20 langile kanporatuen berkokatze eta formaziorako". 55 urteko langileen kasuan , bi sindikatuek zuzendaritzarekin adostu zuten "enpresak gizarte asegurantzarekin hitzarmen berezia sinatzea." Espedientean zeuden 3 langileen ordezkariek (UGT, ELA eta LABeko bana) espedientetik ateratzeko lan egin zuten bakarrak CCOO eta UGT izan zirela ziurtatu zuten. Balorazioa Negoziatutakoa langileen iritziak berretsi behar zuen eta bi batzar egin ziren. Denek edo espedientean zeuden langileek erabaki behar zuten izan zen gakoa. Azken horiek hartu zuten azken erabakia eta negoziatutakoa ez onartzea erabaki omen zuten. CCOOk eta UGTk adierazi dutenez, "pilatutako esperientzia sindikalak erakutsi digu Nafarroako Gobernuak hasierako espedientea onartzen duela. Eta hala izan da. Guk garbi dugu guztiaren errua enpresarena dela. Baina, ELA eta LAB okertu egin dira. Gu harro gaude uneoro langileen esanak bete eta errespetatu ditugulako."Bi sindikatu abertzaleei "demagogia sindikala" egitea leporatu diete. Horrekin batera, hilaren 20ko datuen agiria aurkeztu dute CCOOk eta UGTk. Hartan Igartexeko 46 langileetatik 36ren sinadura biltzen da eta aipatu bi sindikatuen jarduna babesten dute.