Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Austriako Salzburg hirian udaro egiten diren jaialdi entzutetsuak igandean hasi ziren. Opera, drama produkzio eta kontzertu eskaintza zabala izaten da urtero uda garaian. Gainera, aurten, Mozart urtea izendatua dute. Izan ere, Wolfgag Amadeus musikariaren jaiotzaren 250. urteurrena ospatzen ari dira eta bere jaioterrian, Salzburgen ospakizun handiak egiten ari dira.
Hori guztia ezagutzeko aukera izenen du Itziar Nazabalek, agorrilaren 11tik 16ra Austriako hirian izanen baita. Salzburgeko jaialdiek duten erakarpen gaitasunaz baliatuta urteak dira garai berean Art Salzburg izeneko nazioarteko arte azoka egiten dela. Aurten azoka agorrilaren 12tik 15era eginen da. Han mundu guztiko 30 galeriatik gora izanen dira, haien artisten lanak erakusten eta saltzen. Antolakuntzak hautatutako galerien artean da Madrilgo Gaudi Galeria eta haren bidez izanen dira margolari altsasuarraren lanak ikusgai.
Hautatua
Itziar Nazabalek bere lanak interneteko bi galerietan zituen ikusgai (www.freeartweb.com eta www.artehoy.com). Gehiagotan ere izan zitzakeen, baina ez du betarik margolanei argazkiak egin eta haietara bidaltzeko. Altsasuarra buru belarri ari baita bere tailerrean, Bakaikun eta Ziordian margo eskolak ematen. Aipatutako web orriotako margolanak izan ziren Austriarako ateak zabaldu zizkiotenak.
Behin e-posta begiratzen ari zela Madrilgo Gaudi galeriaren mezua jaso zuen. Galeriako arduradunek adierazi zioten bere lana ikusi zutela eta gehitu: "lan interesgarria da estetika eta kalitateagatik. Eta merkatuan (estatua eta Europa) sarbidea du." Horrekin batera margolanak Salzburgeko arte azokara eramateko eskaintza egin zioten.
Itziar ezin sinetsi zegoen, itzal handiko galeria baita madrildarra. "Amets bat da"adierazi digu altsasuarrak. Gainera, dirudienez, galeriak Itziarrekiko azaldutako interesa ez da azoka horretara mugatuko. Galeriak bere Madrilgo egoitzan eginen duen erakusketa kolektibo batean parte hartuko du aurten Itziarrek eta bere lanak etorkizunean beste arte azoka batzuetan presente egon daitezkeela adierazi diote galeriatik.
Austriarantz
Salzburgeko arte azokan ezin da edozein galeria egon. Antolakuntzak aukeratutakoak bakarrik joaten dira. Haiekin egin duten moduan, Gaudi Galeriak berak mundu guztiko 20 artisten lanak aukeratu eta haiek eramanen ditu Salzburgera. Margolari altsasuarrak adierazi digunez, "aukeratua izatea bakarrik, jada garrantzitsua da."
Itziarrek galeriarekin kontratua sinatu du eta hari ordaindu behar izan dio Austriara margolanak eraman ahal izateko. Kontuak handik bueltan eginen badituzte ere, saldutakoaren % kopuru bat galeriarendako izanen da. Salzburgen 5 metro lineal izanen ditu altsasuarrak bere margolanak erakusteko.
Galeriaren eskuetan dira dagoeneko lanak. 10 dira, baina 6 besterik ez dira erakutsiko. Salduz gero beste batekin beteko lukete hutsunea. Salzburgeko arte azokak irauten duen 4 egunetan 30.000 kolekzionista pasatzea espero da. Gainera, gehienak arte erosleak dira. 11:00etatik 20:00etara izanen da azoka zabalik, (azken egunean 18:00etaraino).
Margolanak
Akuarelak dira Itziar Nazabalek erakutsiko dituenak. Galeriak eta margolariak berak egin dute hautaketa. Tamaina erditxikikoak dira (42x36 cm). Haien artean daude Kordobako egonaldietako serieko batzuk hiriko karrikak eta txokoak irudikatzen dituztenak, bere tailerrean egindako Portugaleteko bat, Ingalaterran egindako arabiar paisai bat eta Llançako egonaldian egindako serieko lan batzuk, haietan txalupak eta herriko plaza ikus daitezke.
Kordoba eta Llançako margolanak Jose Martinez Lozano akuarelista- irakaslearen tailerrean egin zituen. Harengandik asko ikasi zuela aitortu digu Itziarrek. Azaldu digunez, "asko eskatzen zidan. Harekin ikasitakoa da neurri batean azokakoa." Ez du haren eragin nabarmena ukatzen, "teknika bitxia zuelako."
Akuarelez gain, olio lan bat ere eraman nahi zuten galeriakoek, nahiz eta haien arabera estiloak nahastea ez komeni. Baina lehiaketa batera aurkeztu zuen. Ez zuen ezer irabazi eta bueltatzen diotenerako berandu izanen da.
Itziarrek estilo ezberdinak lantzen ditu, haiek ikasteko prozesu baten moduan ikusten dituelako eta margolari bezala trebatzeko baliagarriak zaizkiolako. Abstraktua, inpresionismoa, errealismoa... estilo ezberdinak maite ditu.
Itziarren balorazioa
Itziar "ametsetan bezala"dago. Ezin sinistu aukera bat izan zezakeenik. "Nazioarteko azoka batean parte hartzea gauza handia da eta pozik nago." Galeriak aukeratzea eta bere artista bihurtzea "zirkuituan sartzea" dela adierazi digu margolariak. "Pausu ona da. Gainera, ni joan gabe. Kalitateko galeria da eta nire lanari zertifikazio moduko bat ematen diote." Bere lanarendako errekonozimendua dela azaldu digu eta, aldi berean, aitortu "horrek betetzen" duela. "Betidaniko ametsa da, barnean daramadana. Betidanik margotu izan dut. Zaletasun eta lan bera dut, margotzea. Ongi pasatzen dut."
Ziordia, Bakaiku, Iturmendi, Iruña, Ingalaterra eta Altsasun esposatu ondoren etorri zaio aukera.
Collurera
Itziar Nazabal eta beste bi lagun egun hauetan Frantziako Collure herrian daude, margotzen. Horretara joan baitira artista eta poeten destinoa izan den herri hartara. Aste bat emanen dute han, "nahi dudana margotzeko." Azaldu digunez "kalean margo zuzena edo azkarra egitea zailagoa da. Ziurtasuna eta azkartasuna eskatzen du. Ona da burua hobetzeko eta trebatzeko. Kordoban eta Llançan ere hala aritu nintzen."
Kurtsoan zehar egin ezin dituen enkargoak udan egiten ditu. Baina Austriakoak denbora gutxiago utzi dio horretarako ere.