Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Alderdi ekintzaileko kideen ustez Sakanako Mankomunitatean "inprobisazioa eta konkrezio falta" dago eta horren adibidetzat jarri zuten onartu berri diren aurrekontuak. "Bereziki euskara zerbitzuan, non oraindik ez dakigu zer planifikazio dagoen eta, are gutxiago, nora bideratu behar diren laguntzak". Lehen halakorik ez zela gertatzen esan zuten. Bestalde, hautetsi ekintzaileek Sakanako Mankomunitateko lehendakariaren liberazioaz esan zuten haren "helburuak eta lan programa" zein diren jakin gabe jarraitzen dutela. PartzuergoaAlderdi ekintzaileko kideen iritziz "mankomunitatea erabili dute partzuergoa puskatzeko: turismo zerbitzu bat balitz bezala kamuflatu dute partzuergoa eta ez dakite zer egin berarekin". Eledun ekintzaileek gehitu zutenez "NaBai-PSOEren helburua partzuergoarekin bukatzea da eta modu horretan agente sozial eta ekonomikoei ateak ixtea". EAE-ANVkoen irudikoz, "NaBairen prezipitazio horretan, Sakana mailan eztabaida global bat eman dadin izua ikusten da". Migel Angel Zubiriari "organo pluraletan makro-poligonoaz hitz egin" nahi ez izana leporatu zioten, eta "beraz, mankomunitatean eztabaida hori ukatu izateaz". Bestalde, mankomunitatea poligonoaz eta AHTz "argi eta publikoki posizionatzea" eskatu zuten. Ibarreko erakundearen lehen 6 hilabeteen balantze horretan ekintzaileek azpimarratu zuten urratsak eman direla "euskara batzorde parte-hartzaileekin bukatzeko. Agente kopurua murriztuz eta boto eskubidea kenduz". Batzorde horretan jarritako boto sistema berria ere kritikatu zuten. Horretaz gain, Kontseiluarekin dauden akordioak, zehazki Bai Euskarari Akordioa puskatu izana salatu zuten ekintzaileek. EAE-ANVko kideek Kirol Batzordearen kudeaketan ikusten dute puntu positibo bakarra, "planifikazioa eta konkrezioa dago". DeialdiaGotzonek, Jose Ramonek, Franek eta Juanjok haien agerraldia bukatu zuten urte hasieran Arbizun izandako gertakarien aipamena egiten. Kexu agertu ziren gertakarietan kolpatua eta atxilotua izan zen zinegotzi eta mankomunitateko batzarkideaz "mankomunitatea edo bere lehendakaria ez zirelako arduratu eta iritzirik zabaldu ez duelako". Lehendakariaren eta NaBairen jarrera "salatu" zuten eta arazo horretan "ardura gehiago har ditzaten" eskatu zuten. Azkenik, iganderako Arbizuko Udalak deitutako manifestazioan parte hartzera deitu zuten.