Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
IhabarAitezarkoa, Landarra, Ninia, Hartza eta moxorroak Inauteriekin batera Ihabarrera bueltatuko da, urtero legez, familia berezi hori. Ihote ospakizunak larunbat goizean hasiko dira Ihabarren. Moxorroek goizetik puska biltzea eginen dute harekin gero elkartean bazkaria egiteko. Behin mahaitik jaiki eta gero, moxorroak etxez etxeko errondan ibiliko dira eta bakarren bat berotzeko aukera ere baliatuko dute. Gauean mozorrotuen herri afaria eta dantzaldia izanen da. Larunbateko parranda eta gero, igandean herri bazkarian bilduko dira ihabardarrak. 18:30ak aldera, Aitezarko, haren emazte Landarra, haien Ninia eta Hartza agertuko dira Ihabarren. Haiekin batera moxorroak herrian barna kalejiran ibiliko dira, txistularien laguntzaz. Familia berezi horrekin ihabartarrek duten konponezina, atzera ere, "tragikoki" bukatuko da Aitezarkorendako, sutan kixkalduko baita. Ondoren txistorrada izanen da. IrañetaAtxon Zarkuak sutan bukatuko duIrañetako Euskara Kultur Taldeak duela 6 urte berreskuratu zituen bertako ihoteak, eta aurten otsailaren 9an, larunbatean, ospatuko dira. Goizean inauterietako pertsonai nagusi Atxon Zarkua prestatuko dute. 9:30ean, tradizioari jarraituz, ardien tripotxak gosalduko dituzte. Mozorrotutakoak 12:00etan aterako dira kalejiran, neska ezkongabeen etxeetan ezpelak zintzilikatzera. Herri bazkarian ez da ardi haragia faltako. Mahaiondoan eztarriak ongi berotu ondoren, 18:30ean abiatuko da musikaz alaitutako kalejira. Uharte Arakilgo zanpantzarrak Atxon Zarkua lagunduko du bere azken ibilaldi honetan. Segizioarekin bat eginen dute mozorrotutako haur eta helduek. Bukaeran, elkartearen aurrean, Atzon Zarkuari su emango zaio eta eguna ongi biribiltzeko elkartean bilduko dira atzera ere guztiak, mokadutxo bat jatera. LakuntzaZatamarroen ostean... ihote festa!Astearte ihotean, udaletxean antolatutako makilaje eta kareta tailerrari esker herriko txikienak bikain prestatu ziren mozorro kalejirarako. Herriari buelta eman eta txokolate bero-beroa dastatu eta gero, plazan kantu eta dantzan aritu ziren. Iluntze aldera zakuz eta trapuz estalitako zatamarroak izan ziren kaleetako jaun eta jabeak. Haiek tentatuz "zatamarro begi-gorri, urtien behin etorri" eta halakoak esaten zituztenek asko korritu behar izan zuten, zatamarroen makilen beldur. Aipatu beharra dago Luis Fuentes ikastetxeko ikasleek aurreko ostiralean ospatu zutela euren inauteri festa. Iaz egin zuten moduan ihote segizio bikaina atera zuten herriko kaleetan barna, bi erraldoi eta guzti. Mozorroek, musikariek, dantzak eta kantuak ez zuten huts egin. Berriro ere larunbatean ihote festaz gozatzeko aukera izango da eguerditik aurrera, ordurako haur, gazte zein helduak mozorrotuta aterako baitira. 12:30ean haurrendako jolasak antolatu dituzte, txarangarekin. 14:30ean mozorroen bazkaria izanen da Lakuntzako Pertza elkartean eta haurrendako txokolatada prestatu dute 18:00etan, plazan. 18:30etako desfilea eta gero egun osoko jai giroak aurrera eginen du, ordu txikiak arte. Altsasu Zaharrenek ere ez dute horrelakorik ikusi, Santa Ageda egunak eta astearte inautek bat egitea. Hori dela eta, aurten, Santa Ageda egunak protagonismorik gal ez dezan, astebete beranduago ospatuko dira Altsasun inauteriak. Haurren mozorro eguna domekan izanen da. 18:00etan hasiko da dantzaldia Foruen plazan Lumagorri taldearekin, ordu horretan, txokolate jana egonen da. Euria eginez gero, jarduera guztiak Burunda pilotalekuan egingo dira. Astearte inaute otsailaren 12an ospatuko da eta hurrengo larunbatean, 16an, piñata. Herri inauteriko berrikuntzakIhote batzordearen nahia izan da inauteri giroa egun osora zabaltzea eta herriko hainbat txokotan giroa egotea. Horregatik, Zumalakarregi plazan su handi bat eginen dute eta egun osoan giro polita izanen da bertan. Txikien Herri inauterien elkargunea izanen da. Gainera, herri inauterien segizioaren ibilbidea zertxobait aldatu dute. Aurten, Zumalakarregi plazara sartuko da zuzenean eta ez da inguruko kaleetako (Erkuden, Gipuzkoa eta Bakea kaleak) buelta egingo. Horrek aukera emango du desfilea edo prozesio egitura pixka bat hausteko.Beste berrikuntzetako bat da herriko hainbat gaztek osatutako batukadak parte hartuko duela. Horrela, Altsasuko batukadaren erritmo biziek lagunduko dute Momotxorroen dantza. Erritmo bizi horiekin are eta indartsuagoa izanen da ikuskizuna. "Burrunbarekin musika ez bada entzuten erritmoari gogoz jarraitu behar izango diote momotxorroek" azaldu du Enrike Zelaiak. Azkeneko dantzaldia, Luis Mari Lopez de Goikoetxeari eskainiko diote. Izan ere, bera aritu baita hasieratik momotxorroen dantza irakasten eta herri inauteriko antolakuntzan parte hartzen. Aurten, osasun arazoa dela medio antolakuntzan ez dagoen lehenengo urtea da. Egun osoko egitarauaAzken urteetako ildoari jarraituz, ihote batzordearen nahia izan da inauteri giroa egun osora zabaltzea. Horrela, mozorroak goizetik irteten animatzeko, Agoizko burrunbak alaituko ditu herriko kaleak 11:00etatik 14:30era. Gainera, aurreko urteotan bezala, herri bazkaria egonen da pilotalekuan. Beraz, babarrunak, odolki, lukainka eta osagarri guztiekin jan nahi duenak, bazkari txartelak erosi baino ez du egin behar; herriko tabernetan jarri dituzte salgai, 8,00 euroren truke. 16:30etik 17:30etara etxez etxe ibiliko dira janariak biltzen Alde Zaharrean. Ondoren, bildutakoa, Gure Etxea ondoan jateko aukera izanen da. Bitartean, Zumalakarregi plazan Momotxorro txikiak, sorgin txikiak, maskarita txikiak... eta Matxingaizto txikiak jai giroan ibiliko dira. Izan ere, ihote batzordearen nahia izan da haurrei protagonismo ematea, horregatik antolatu dute aurten ere Txikien Herri Inauteri segizioa. Gainera, txiki eta handien artean bereizketa eginez adar eta sardeekin dagoen arriskua saihestu nahi dute antolatzaileek.Txikien segizioa 17:45ean irtengo da Zumalakarregi plazatik eta 18:30ean Foruen plazara iritsiko da eta bukatzeko Momotxorren dantza eginen dute. Txikien segizioan ere, Altsasuko pertsonaia guztiek parte hartuko dute, baina goldako idiak eta akerra pertsona helduek antzeztuko dute. 19:00etan deitu dute herri inauteriko pertsonaien elkarretaratzea Zelandin. 19:30ean segizioa martxan jarriko da eta mozorro guztiak alai-alai aterako dira txistulari, burrunba, batukada eta Txorongo eta Impresentables txarangekin. 21:00etan segizioa Foruen plazara iritsiko da, momotxorren dantza dantzatuko dute, ezkila-jotzea eta gero, mozorroak kentzea eta mozorro dantza izanen da. 22:00etatik 01:30etara luzatuko da dantzaldia. 16an, PiñataGiro ona ez da faltako otsailaren 16an, Altsasun Piñata ospatzen den egunean. 12:30etatik 15:00etara Haize Berriak banda kalez kale ibiliko da herriko bazterrak musikaz, kolorez eta festa giroz betetzen. Izan ere, bandari esker inauteri giroa herri guztira hedatuko baita. 18:00etan mozorro-kalejira irtengo da Foruen plazatik. Musikarekin laguntzen Txorongo txaranga eta Haize Berriak arituko dira. Embrujo orkestrak alaituko ditu arratsaldeko eta gaueko dantzaldiak. OlaztiMari Erreka eta zamar haundien bisitaAurtengo ihoteak Olaztiko Udaleko Jai Batzordeak prestatu ditu, Inauteri Aldeko Batzordearen eta Olaztiko gaztetxearen laguntzarekin. Ospakizunak gaur hasiko dira, otsailaren 8an, 20:00etan, Mari Arroka Urbasatik jaitsi eta Olaztiko Bizente Argomaniz kalera iristen den garaian. Haren zain iratxoz eta sorginez mozorrotutako olaztiarrak izanen dira. Berarekin batera herriko karriketan barna kalejiran ibiliko dira. Segizioa plazara iritsiko da eta han Mari Arrokari harrera eginen zaio. Herri ihotea larunbatean izanen da. Clinker parean abiatuko da, 18:30ean, zamar haundien, zamar txikien eta nesken segizioa. Zamar haundiek lurrez betetako gurdia eramanen dute, bildutakoei botatzeko. Herrian barna ibili eta gero plaza izanen dute helmuga. Han zortzikoa dantzatu dute zamarroek, 20:00ak inguruan. 1:00etatik 3:00etara Marmada musika taldeak Olaztiko kaleak alaituko ditu, jazz, blues eta makina bat doinurekin. Olaztiko ihote txikia otsailaren 12an, asteartearekin, ospatuko da aurten. 17:30ean mozorrotutako haurrak pailazoekin batera herrian barna kalejiran ariko dira. Bukaeran haur diskoteka izanen da frontoian, eta sandwich banaketa egingo dute. 22:00etan sardinaren hileta eginen dute gaztetxean.