Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jakina denez Aralarreko aingerua Nafarroako herriak bisitatzen izanen da ekainaren erdialdera arte, baina egun seinalatuetan, Corpus eguna kasu, santutegira ekartzen dute. ProzesioaEguerdikoa meza nagusia izanen da, eta meza horren ondoren prozesioa eginen dute. Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren kofradiako kideek palioa, prozesioko gurutzea eta Aralarko aingeruaren irudia eramanen dute santutegiko aldare nagusitik Trinitateko ermitaraino. Han bedeinkapena eginen da. Ibilbidean txistularien laguntza izanen dute. Garai batean prozesioko palioa Aralarko artzainek eramaten zuten, ohiko jantziak eta esku larru txuriak jantziak zituztela. Igandean Aralarren ospatuko den prozesioak urtetan jende asko bildu izan du. Espainiako gerra zibilaren aurretik Iruñean prozesioak egiteko arazoak izan ziren eta Aralarrekoa normaltasunez egiten zenez, jendea santutegira etortzen hasi zen, oihartzun handia hartuz. Sakana guztianSakanako herri gehienetan elizkizun solemneak eta prozesioak izanen dira igandean, Jaunartzea egin duten haurrak protagonista direla. Akaso gehien nabarmentzen diren herriak Lakuntza eta Arbizu dira. Lakuntzan jai eguna izaten da - ikus Guaixeko artikulua-, eta Arbizun prozesio ederra egiten da igandearekin. Etxeetako sarrera eta atea ederki asko apaintzen dituzte arbizuarrek, eta ibilbidean jartzen diren bi aldareetan geldialdiak egiten ditu prozesioak. Uharte Arakilen ere estandarteak eta beste ateratzen dituzte.