Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jose Manuel Vilariño osteopata eta masajistak Serbiako Eskubaloi selekzioarekin lan eginen du. Eskubaloi mundialera sailkatzeko lehia inportantea du Serbiako selekzioak Txekiar Errepublikakoaren kontra. Joaneko partida ekainaren 7an jokatuko dute, Pragan, eta itzulikoa 14an, Serbian, eta talde garaileak Mundialean aritzeko txartela lortuko du. Vilariño Serbiako Eskubaloi Selekzioko jokalarien osteopata eta masajista izanen da.Kirolariekin murgildua Kirolean ibilbide zabala du altsasuarrak. Osasuna taldeko masajista eta osteopata izan da urte luzez, eta 2006ko Alemaniako Futbol Mundialean Serbia eta Montenegroko Futbol Selekzioko masajista eta osteopata izan zen, Osasunako Milosevic jokalariak proposatuta. Egun ez da Osasunako osteopata, kontsulta pribatua du Barañainen, Axis izenekoa, eta bertara kirolari asko joaten dira, tartean Portland Eskubaloi Taldekoak. Hain zuzen ere talde horretako Nikolic jokalariak eta beste batzuk badirudi gustura daudela altsasuarraren lanarekin, Serbiako Eskubaloi Taldeko osteopata eta masajista izateko proposatu baitute.Igande honetan hartuko du Serbiako bidea Jose Vilariñok, eta bertan izanen da, lehian dauden bi partidak jokatu arte. Altsasuarra pozik dago aurrean duen erronka berriarekin. "Futbolariekin ohituago nago, baina eskubaloiak besoak, lepoa eta gorputzaren beste atal batzuk gehiago lantzeko aukera ematen du. Orain arte egin dudanarekin alderatuta diferentea da, baina horregatik ere kontentu nago" dio Axis kontsultako arduradunak.