Kokapenez aldatu da mankomunitatearen campusa

Guaixe 2008ko maiatzaren 29a

Orain arte Altsasuko Dantzaleku futbol zelaian antolatu izan du Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak futbol campusa. Aurtengo berrikuntza da futbolean sakontzeko ikastaroa Lakuntzako Zelai Berri futbol zelaian eginen da. Gainera, saioen bukaeran parte-hartzaileek igerilekuan freskatzeko aukera izanen dute.Mankomunitateko Kirol zerbitzuak antolatutako futbol campusa San Fermin ondorengo bi astetan eginen da. Garilaren 14tik 19ra bitartean 10 eta 12 urte bitarteko haurrek parte hartzeko aukera izanen dute. Garilaren 21etik 26rako astean, berriz, 13 eta 15 urte bitartekoak. Tokirik geldituko balitz helduagoek aukera izanen lukete campusean aritzeko. Saioak 10:00etatik 13:00etara izanen dira.Jon Zubiria izanen da futbol campuseko irakaslea. Harekin futbolaren inguruko teoria ikasiko dute, beti ere, praktikarekin uztartuz. Horretarako, jolasez baliatuko da eta irakatsi beharrekoa adin bakoitzari egokituko dio.Izena eman nahi duenak garilaren 4ra arte eman dezake izena mankomunitateko kirol zerbitzuan. Bakoitzak 25 euro ordaindu beharko ditu horretarako propio Euskadiko Kutxan zabaldutako kontu korrontean. Informazio gehiagorako jo antolatzaileengana.