Irristalari onenak Altsasuko III. Trofeoan

Guaixe 2008ko maiatzaren 29a

Larunbatean, maiatzaren 31n, Altsasuko III. Irristaketa Trofeoa jokatuko da, Altsasuko Irristaketa Klubak antolatuta. Mini mailatik hasita senior maila bitarteraino, arratsaldeko lauretatik aurrera makina bat lasterketa ikusteko aukera izanen da. Izan ere kategoria guztietako lasterketak izanen dira, mini mailatik hasita seniorretara. Hau da, 5 urtetik 25 urtera bitarteko irristalariak egonen dira lanean.Altsasuko III. Trofeoko lasterketak Nafarroako Txikien Ligarako, Nafarroako Handien Ligarako eta Nafarroako Kirol Jolasetarako baliagarriak izango dira. Eguraldiak laguntzen badu Nafarroatik eta Gasteiztik hurbildutako 200 irristalari bildu daitezke Altsasun. Tartean Sakanako hiru irristaketa klubetako kideak - Olaztiko Sutegi, Altsasu eta Urdiaingo Aitziber- izango dira.Sutegi taldeko entrenatzaile Juli Acebesen irudikoz kategoria txikikoak pistan ibiltzen ohituta daude eta horregatik zailago eginen zaie kalean, asfaltoan aritzea. Nagusienek ez dute arazo hori izanen.Ibilbide berria Orain arte Altsasuko irristaketa lasterketak Zumalakarregi plazako buelta hartzen zuen, Erkuden, Gipuzkoa, Urbasa eta Amaia kaleetan barna. Baina Urbasa eta Erkuden kaleetan oinezkoendako pasabide goratuak jarri dituztenez bertan ezin dira irristalariak aritu. Horregatik antolatzaileek ibilbidea aldatu dute. Lasterketak Altzania kaletik abiatuko dira, Sociedad Deportiva egoitzaren paretik. Altzaniatik Nafarroa kalera eginen du bideak eta bertatik Amaia kalera joko du, Aralar kaleraino. Aralar kaletik atzera ere Altzaniara helduko da ibilbidea, zirkuitu polita osatuz.Antolakuntzatik gogoratu dute proba egunean kale horietan ezingo direla autoak utzi eta zirkulazioa moztu eginen dela, irristaketa probak arriskurik gabe gauzatzeko.Probak eta distantziak Kategoria bakoitzak bi lasterketa eginen ditu. Hortaz, 16:00etatik aurrera ondoko lehiak jokatuko dira Altsasuko zirkuituan: mini neskak (400 m. linea), mini mutilak (400 m. linea), benjamin neskak (800 m. linea), benjamin mutilak (800 m. linea), kimua neskak (1.200 m. linea), kimua mutilak (1.200 m. linea), haurrak neskak (1.600 m. linea), haurrak mutilak (1.600 m. linea), gazteak neskak (2.000 m linea), gazteak mutilak (2.000 m. linea), junior eta seniorrak neskak (3.000 m. linea) eta juniorrak eta seniorrak mutilak (3.000 m. linea). Ondoren bigarren buelta hasiko da. Mini mailatik haur maila bitarteko lasterketek distantzia berbera izango dute, hau da, aurreko lasterketa berak errepikatuko dira. Aldiz, gazteek, juniorrek eta seniorrek distantzia handiagoak osatu beharko dituzte bigarren bueltan. Gazteak 2.400 m. osatu beharko dituzte, puntuka, eta juniorrak eta seniorrak 4.000 m., puntuka.Sariak Mini, benjamin, kimu, haur eta gazte mailako lasterketetan sailkatutako lehendabiziko hirurek trofeoa jasoko dute. Bestalde, junior eta senior mailatan lehen sailkatutakoek 100 euro lortuko dituzte, bigarrenak 60 euro eta hirugarrenek 40 euro.