Egindakoa, esku-hartze artistiko bat izan da, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako ikasle altsasuarrak egindakoa. "Esku-hartzea zera da: espazio batean berezkoa ez den elementu bat sartzea. Gure kasuan, lurra jarri dugu galtzada-harrizko plazan" azaldu digu Manolak. Egun baten buruan, bai gizakion esku-hartzearengatik, nola klimatologiarengatik, elementu horrekin zer gertatzen den jakin nahi izan du artistak, eta horren jarraipena egin du. 9:30etik 22:00etara gertatutako guztia bideoz jaso du. Bideoaz gain, argazki erreportajea ere egin dute. Egindako lana"Plaza horren erdian berriz agertu da lurra egun batez. Herriaren erdira baratze bat ekartzea izan da" argitu du Manolak. Ekintza horren bitartez guztiz aldatu zen plazaren itxura; itxura ez ezik, herritarrek plazari buruz zuten pertzepzioa ere. "Lurra ikustearekin, pertsona gehienek lorategi, mintegi...edo patata lur sail bat ikusi dute. Hunkigarria izan da. Jendearendako lurra bizitzaren sorburua da. Lurra eta bizitzaren arteko harreman hori estu-estua da". Esperientzia interesgarria izan da eta eskerrak eman nahi dizkie aurrera eramaten lagundu dioten lagun guztiei: Sagri, Helena, Josemari, Aixa, Jabi, Amaia, Jonan, Alvaro, Inacio, Maru eta Josetxo. Era berean, eskerrak eman nahi dizkie Altsasuko Udaleko Asun, Jokin, Betisa, Jaione, Edurne, Cobo, Vidal, Hualde, Arza, Ziordikoa eta obra-lantalde guztiari emandako erraztasun guztiengatik. "Eskertzekoa da erakunde bat herriko biziaren bultzatzailea izatea, jendearen ekimenak gauzatzeko azpiegiturak eskura jarriz, hori baita herriarendako lan egitea kolore politikorik gabe. Altsasu bizirik dago".