Nafarroa Baik eta PSNk udalerako gobernu akordioa sinatu dute

Guaixe 2007ko uztailaren 24a

Unai Hualde alkateak esan zuenez "akordioa negoziazio prozesu luze baten emaitza izan da". Alkatearendako "pozgarria da, lehen aldiz udaletxean, legealdia hastea programa bat aurrera ateratzea posible egiten duen gehiengo batekin". Unai Hualdek asteleheneko prentsaurrekoan esan zuenez emaitzak jakin zirenetik "koalizioaren asmoa izan da gobernu akordio baten bitartez gutxieneko gehiengoa lortzea legegintzaldiak altsasuarrendako fruituak eman ditzan". Helburu hori lortzeko alderdi guztiekin hitz egin zutela argitu zuen, "baina batez ere ANV eta PSNrekin, gehiengoa ziurtatzen zigutenekin". Azaldu zutenez guztiekin programak alderatu zituzten "kointzidentzia maila ikusteko". Alkateak esan zuen: "beharrezko egonkortasuna lortzeko sinatutako akordio publikoen beharra azaldu genien ANV, PSN eta NEBi. Sozialistek salbu, gainontzekoek ez dute konpromiso maila hori hartu nahi izan". Alkateak gehitu zuenez "Udal Gobernu Batzordearen ateak zabalik daude akordio idatziak" sinatzen zutenendako. Unaik esan zuenez "legegintzaldian akordioa itxi bitartean ANVri eta EBri eskaini diegu batzordeen buru izatea eta Gobernu Batzordeak parte hartzea, ahotsarekin baina boto eskubiderik gabe". Akordioa Nafarroa Baik eta Alderdi Sozialistak legegintzaldirako sinatu duten akordioak 3 zati ditu. Aurrenekoan "biek aurrera eramateko konpromisoa hartu dugun jarduera zerrenda bat dago". Gobernu programa horrek hainbat proposamen jasotzen ditu. Horrekin batera, funtzionamendu araudi bat jasotzen da eta, azkenik, zinegotziek jarraitu beharreko kode etikoa ere biltzen da akordioan. Iritziak Nafarroa Bairen izenean Jonjo Agirrek koalizioak Altsasurako egitaraua osatzeko zituen zazpi "lehentasun" nabarmendu zituen eta gehitu zuen: "azkenean PSNrekin sinatu dugun akordio publiko eta garden honen bidez helburu horiek lortzeko ahalegin guztiak egingo ditugu". Alderdi Sozialistako bozeramaile Juan Migel Perez Hurtadok, bestalde, esan zuen: "konbentzituak gaude herriarendako positiboa izan daitekeen entendimendu maila lor dezakegula". Eta gaineratu zuen: "akordioak gauzatzeko ilusioz lan eginen dugu". Nafarroako egoeraz galdetuta eledun sozialistak adierazi zuen: "Altsasun bezala Nafarroan ere akordioa lortu daitekeela uste dugu. Horretarako denek jarri behar dute zerbait".