Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bihar, 18:00etarako, manifestazioa deitu du ezker abertzaleak. Mobilizazioa Foruen plazatik abiatuko da eta "Konponbidea gure esku, 4 lurraldeetarako autonomia eta erabakitzeko eskubidea" leloa izanen du. Ibilaldiaren ondoren ekitaldi politikoa izanen da. Lander Urritza eta Maitane Intxaurragak esan zuten "askapen eta itxaropen mezuak zabaldu nahi ditu ezker abertzaleak ikasturte politiko berriaren hasieran". Manifestazioaren aurkezpenean ezker abertzaleko kideek salatu zuten "Madrilgo gobernuak gatazka politikoaren erroetan dauden lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidearen korapiloak era demokratikoan askatzeko prozesuari ezetza ematea". Bestalde, salatu zuten "Parisko Gobernuak beste aldera begiratzea Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoako herritarrek beraien nazio eskubideak aldarrikatzen dituztenean". Bihar Altsasun ezker abertzaleak "aldarrikatuko du Euskal Herria helburu duen nazio proiektua eraikitzea posiblea izan ezik ezinbestekoa ere badela". Ezker abertzaleak "nazio proiektuaren aldeko aldarria Nafarroatik egin nahi du, Nafarroak pairatzen dituelako ere Espainiaren ukazio politikaren ondorio gordinenak". Ezker abertzaleak hegoaldeko 4 herrialdeendako eta iparraldeko 3 lurraldeetarako aurkeztutako autonomia proposamenak "gatazkari amaiera eman eta Euskal Herri osoan benetako demokrazia esparrua osatzeko eskaintzak" direla azpimarratu zuten aurkezpenean.