Jose Iriarte bertso paper lehiaketaren deialdia atzeratu egin da

Guaixe 2007ko irailaren 13a

Orain arte irailean deitu du lehiaketa eta abenduan banatu ditu sariak Kimak. Altsasuko euskaltzaleek jakitera eman dutenez, "bertso paper lehiaketaren atzeratzeko neurria Nafarroako Bertsozale Elkartearekin batera egindako hausnarketaren fruitu izan da. Horrela eraginkortasunean irabazi nahi dugu eta bertsolariak eta lehiakideak kurtso hasieran ez itotzea du helburu". Kima euskara taldeak bi helbururekin antolatzen du lehiaketa hori: "Altsasun euskara komunikazio tresna ohikoa bihurtzeko bidean hizkuntza trebatzeko baliagarria delako bertso paper lehiaketa, batetik, eta, bestetik, Altsasuko bertsolari bat ezagutarazi nahi duelako". Beraz, bertsolariek hurrengo urte hasierara itxaron beharko dute Kimak deitutako lehiaketan parte hartzeko. Bitartean www.altsasukokima.com orrian aurreko edizioetako bertsoekin gozatzeko aukera eskaintzen du Kimak.