Igerileku estalia, urte berriarekin etorriko den oparia

Guaixe 2007ko irailaren 13a

Urte bukaera bitartean eskaintza iazko bera izanen da, baina, urte aldaketarekin batera, eskaintza zabaldu eginen da. Horretarako arrazoia igerileku estaliaren mustutzea da, ilbeltzerako aurreikusten baita. Eraikin berean, 3 gimnasio, barruko zikloan aritzeko gela eta fitnessean aritzeko gela izanen dira. Horregatik, udalak erabaki du helduei zuzendutako ikastaroen matrikula 3 hilabetekoa izatea ikasturte guztirako izan beharrean.Igerileku estaliaren irekiera lastailerako aurreikusten zen. Baina ekipamendua eskuratzeko tramitazioaren luzapenak batetik eta Zelandiko kiroldegia kudeatzeko baldintzen pleguaren prestaketak bestetik, atzeratu egin dute. OtadianAltsasuko Udalak igerileku estaliko lanak ordaintzeko 3,4 milioi euro inguruko aurrekontua du. Udalaren asmoa da aurrekontu horren zati bat, milioi bat euro inguru, Otadiko sektorean dagoen 1.691 metro karratuko partzela baten salmentatik lortzea da. Lur sailean babes ofizialeko 28 etxebizitza jaso daitezke. Udalak Nasipa enpresari eman zion lurra, baina azkenean deialdia hutsik gelditu da. Hori dela eta, udalaren azken bilkuran EAE-ANVk ardura tekniko eta politikoak zehazteko batzordea osatzea eskatu zuen. Lur sail horrekin zer egin Hirigintza Batzordean erabakiko da. Bi aukera ditu udalak: lurra emateko lehiaketa berriro deitzea edo VINSAri lur saila saltzea. Hirigintza Batzordea bildu aurretik Altsasuko alkate Unai Hualdek VINSAko ordezkariekin bilera izanen du. Haiekin aukerak aztertuko dituzte, eta aukera horiek Hirigintza Batzordean aurkeztuko dira, erabakia hartu ahal izateko. Bitartean, udalak bere poltsatik aurreratu beharko du igerileku estalia ordaintzeko falta den dirua.