Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sortzaile altsasuarrak material metalikoekin eta teknika ezberdinak erabiliz sortzen ditu lanak, materialaren eta objektuaren berreraikuntzaren artean oreka lortuz. Dorak berak aurreko ostegunean erakusketaren mustualdian aitortu zuen bere lana erraz identifikatzen dela, "errealitatearekin berehala lotzen duten kodigoak ditu". Aldaketa handirik ez badago ere erakutsitako eskulturetan jarraipen bat dagoela esan zuen. Hala ere, hasierakoek itxura formala dute eta erabilitako material nagusia metala da. Urteak aurrera joan ahala, ordea, Dorak lan sinbolikoagoak egin zituen eta material gehiago erabili zituen: soka, haria, larrua... Bere ustez, erakutsitako lan batzuk "oso iradokitzaileak dira, beste batzuk teknikoagoak eta berrienak esperimentalagoak". Nabarmendu zuenez "eskulturak, objektuak baino transparentziak, irudiak dira". Altsasuko sortzaileak Okendo kultur etxean arte garaikideari buruzko ikastaroak ematen ditu. Horretaz gain eta erakusketari lotuta, lastailaren 3an, 19:30ean bere lanaz jardungo du. Lastailaren 10ean, berriz, 19:30ean erakusketan eginen den bisita gidatuan azalpenak emanen ditu. Erakusketa MadrilenEskulturagile altsasuarra atzokoan beste erakusketa bat mustutzekoa zen, Madrilgo Raquel Ponce galerian hain zuzen. Dora Salazarrek Donostiako erakusketaren aurkezpenean esan zuenez, gaur egun "betiko" planteamenduen gainean ari dela lan egiten, baina beste euskarri batzuk erabiltzen hasi dela. Beste euskarrien erabileratik sortutako lana da Madrilen ikusgai dagoena. Zenbait pertsonen gorputz osoaren moldea egin zuen artistak eta gero papera eta kartoia erabiliz haien errepikak egin ditu. Pertsona haiek ondoren kamara aurrean bizi izan duen esperientziaren berri eman zuen. Hori pantaila batean egonen da ikusgai. Aldi berean, argazkien bidez, pertsonek bere errepika ikustean izan duen erreakzioa ikusteko aukera eskaintzen du erakusketak. Dorak Donostian aitortu zuen lan horrek "hasierako esperimentazio puntua berreskuratzea" ekarri diola.