Urdalurko uharka erabiltzeagatik gutxiago ordaindu beharko duela agindu diote Mankomunitateari

Guaixe 2007ko urriaren 17a

Astearte goizean Sakanako Mankomunitateko lehendakari Migel Angel Zubiria Galartza eta erakundeko gerente Adolfo Araiz Zaragozan izan ziren. Biak ere Ebroko Ur Konfederazioaren esplotazio batzordeko bileran egon ziren, Alloz eta Eugiko uharkek hornitzen dituzten eskualdeetako ordezkariekin batera. Sakanako Mankomunitateko ordezkariek bilera hartan Urdalur uharkaren erabileragatik ordaindu beharreko kopuruaren inguruan galdetu zuten. Jakina denez, uharka Sakana eta Iruñerriko mankomunitateek erabiltzen zutenean gure eskualdeak ordaindu beharrekoa 49.000 eurokoa zen. Iruñerrikoak Itoizko uharkatik hornitzen hasi denez geroztik sakandarrek Urdalurko uharkaren erabileragatik ordaindu beharreko kanona 131.000 euro dira. 82.000 euro gehiago. PromesaEbroko Ur Konfederazioko ordezkariek Sakanako Mankomunitatekoei esan zieten kalkuluak berriro eginen zituztela, "goitik" egina zutela eta kontuak berriro egin behar zituztela. Konfederazioko kideek esan zuten heldu den urtean aurtengo 131.000 euroak baino 30.000 edo 40.000 euro gutxiago ordaindu beharko liratekeela, baina ez zuten ezer zehaztu. Hala ere, kopurua Sakanako Mankomunitateari martxoan eginen den esplotazio batzordean jakinaraziko zitzaiola aurreratu zuten konfederazioko bozeramaileek. Bilera hartan Ebroko Ur Konfederazioko ordezkariek Sakanako Mankomunitatekoei esan zieten kanon txikiagoa ordaintzeko "andregaiak edo senargaiak" opatu behar zituela. Sakanako Mankomunitateko lehendakari Migel Angel Zubiria Galartzak jakinarazi digunez Arabako Lautadan ureztatzeko ur premia omen dago. Horregatik nekazaritza arduradunekin bilera egiteko asmoa azaldu du. Urdalurko uharka erabiliko balute ordaindu beharreko kanona murriztuko litzatekeelako. Urdalurko uharka 5,5 hm3ko edukiera du eta handik hornitzen da Sakanako biztanle gehien. Ur Zerbitzuaren izenean joan ziren bilerara Sakanako Mankomunitateko bi ordezkariak. Zerbitzu horren barruan sartuta daude ibarreko udal guztiak Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu eta Etxarri Aranatz izan ezik.