"Nafarroa Baik modu eskluientean gobernatzen" duela eta "marginatzen" dituela salatu du UPNk

Guaixe 2007ko urriaren 25a

Alderdi erregionalistarendako Nafarroa Baik Altsasun modu "sektario, eskluiente eta autoritarioan gobernatzen du, UPNko zinegotziek herriaren alde baldintzarik onenetan lan egitea eragotziz". Sakanako Mankomunitatean UPN ordezkaritzarik gabe uzteagatik koalizioaren jokabidea "arina eta hipokrita" dela esan dute. Aldi berean UPNk alkateari azalpenak eskatu dizkio, erregionalistak mankomunitatetik eta udaleko gobernu batzordetik baztertzeagatik. "Aniztasunaz hainbeste hitz egiten dutenek erakundeak era sektarioan" erabiltzea egotzi zioten. Bide batez, Altsasuko UPNko udal taldeak eskatu zuen Nafarroa Bai, PSN eta IUN-NEBk sinatutako gobernu akordioa "argi eta gardentasunez" azaltzeko. Bere oharrean erregionalista altsasuarrak herriaren interesaren alde lanean jarraitzeko asmoa berretsi zuten.