Aurreko ostegunean Altsasuko Udalak bilkura egin zuen. Aztertutako mozioen artean Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak aurkeztutakoa zegoen. Erakunde hori herrietako erlijio erabilera duten eraikinen jabetza publikoaren alde agertu da. Horrekin batera, elizbarrutiak jabego-erregistroan Nafarroako hainbat erlijio eraikin bere izenean jarri izana salatu dute. Horregatik, udaletara mozioa bidali zuen, udalek elkar hartuta gai horretan lan egin eta presioa egin dezaten.
Altsasun gaiak mamia du. Jakina denez, udala berei izenean erregistratzen saiatu zen Erkuden eta San Joango ermitak. Baina jabego erregistroak eskaera atzera bota zuen, Altsasuko Udalak aurkeztutako dokumentazioa, 1990eko jabetzen inbentarioa eta katastroa, ez zuelako nahikotzat jo. Elizak eraikinen bat bere izenean erregistratu badu udalak 2 urteko epea du bere jabetza erakusteko.
UPN ez beste alderdi guztien aldeko botoarekin aurrera egin zuen mozioa. Erregionalistendako "lehengo eta oraingo jabetza publikoaren kontzeptua" ezberdinak dira. Antonia Romanek galdetu zuen eraikin horiek "publiko egiten badira udalaren kolorearen arabera erabileraz aldatuko" ote diren. Erregionalistak elizbarrutiak udalari egindako eskaintza ontzat eman zuten. Horren arabera udalarena litzateke San Joan ermita baina elizak luke hura erabiltzeko aukera eta beste erabileren gaineko azken hitza.
Musika eskola
Bilkura beren Altsasuko Udalak behin betiko onartu zituen udal musika eskolako estatutuak. Hori bai, jende aurrean egon diren aldian aurkeztutako alegazioa bere egin zuen udalak. Beraz, udala musika eskolan ordezkatuko dutenak ez dira hezkuntza batzordeko zinegotziak izanen kulturakoak baizik. Alegazioan jasotzen zenez, Altsasuko musika arloko talde guztiak musika eskola berriaren inguruan bildu nahi zirela. Musika erakundeak kultura batzordean ordezkatuak daudenez batzorde horretako zinegotzien parte hartzea ontzat jo zen.