Pilotaleku bete elkarlan

Guaixe 2007ko urriaren 31

OmenaldiaKalejira Burunda pilotalekuan despeditu zuten eta aldi berean horrela abiatu zen omenaldia. Txistulariei lekukoa Iñigo Goikoetxeak hartu zien. Beste musikari batzuen laguntzaz Dire Straits taldearen doinu instrumentala eman ondoren, kantua eskaini zien bildutako guztiei. Kantua ere izan zen Mikel Goñik, Edurne Amillano, Gena Paniagua eta Amaia Amilibia hirukoteak eta Itziar eta Erkuden Flores bikoteak eskaini zutena. Azken horiek Haize Berriak bandaren laguntzaz Urdiango San Juango kantaitaren bertsio ederra eskaini zuten. Txorongo txaranga ere izan zen presente, eta haiekin bat momotxorroak eta haien dantza. Elkarlanaren adibide izan ziren ere Erkudengo Ama Abesbatza eta Enrike Zelaiaren emanaldia. Haiek jarritako doinura dantzatu zuten dantzariek Hator, Hator. Larunbatean mustu zuen Haize Berriak bandak Joseph Vicent Egea musikagilearen Variaciones Agur Jaunak pieza. Doinu ezaguna erritmo ugariz osatua izan zen eta publikoaren gogokoa izan zen. Trasteando taldeak ere bere bi piezekin jendearen txaloak jaso zituen. DantzaAintzindari dantza taldeak presentzia handia izan zuen emanaldian. Zuberoako dantzak eman zituztenean Esther hura dantzatzen ikusteko aukera izan zen proiektatutako bideo batean. Emanaldian zehar haren argazkiak ere ikusi ahal izan ziren. Garai bateko dantzariak berriro ere jendaurrera agertu ziren. Baita Gozategiz Blai ikuskizunekoak ere. Haize Berriak bandak eta txistularien Deba piezaren erritmoei jarraituz dantza egin zuten dantzariek. Eta jaialdia dantza eginez despeditu zen, Urdiain eta Altsasuko zortzikoen nahasketarekin. Nahi izan zuen guztiak parte hartu ahal izan zuen dantza saioan eta horrela, erromeria handi batekin despeditu zen Estherren aldeko omenaldia. Hitz gutxi, beharrezkoak besterik ez ziren entzun larunbateko omenaldian. Dantza eta musika izan ziren protagonistak oso ongi prestatutako ekitaldian. Larunbatekoa elkarlanaren hazitik sortutako lorea izan zen. Ez dadila egun bakarrekoa izan.