Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
AlegazioakSakanako Mankomunitatearendako "ezinbestekoa" da Urdalurretik abiatzen den ur horniduraren sarea Sakana osora zabaltzea, Irurtzun eta Arakilgo herrietara iristeko. Egin gabe dagoen ur horniketa sare zati hori finantzatzeko plan zuzentzaile bat egitea eskatu du Sakanako Mankomunitateak. Ibarreko erakundeak LAPi aurkeztutako alegazioetan ere garraioari erreparatu dio, "Sakana barruko garraioa ahalbidetuko duten zerbitzuak eta azpiegiturak bulkatu behar dira, dauden beharrei (lana, osasungintza, barreneko zerbitzuak...) erantzuteko". Horretaz gain, Nafarroako Gobernuak prestatutako dokumentuan "kirola, kultura eta aisialdirako azpiegiturak ez daudela behar bezala definituta" sumatu du mankomunitateak. Ibarreko erakundearendako gaur egun Sakanan dauden arlo horietako azpiegiturak "ez dira nahikoak", beraz, oinarrizko dokumentuan dagoen gabezia hori nabarmena da. OsasunaSakanako Mankomunitateak LAPi jarritako alegazioen artean ere osasunari dagokion bat ere bada. Mankomunitatearendako "oinarrizko osasun zerbitzuak gainezka daude eta, gainera, hainbat espezialitate (ginekologia, pediatria, geriatria...) ez dira bertan eskaintzen". Hori dela eta, Sakanako Mankomunitatearendako "beharrezkoa da bitartekoz hornitzea Oinarrizko Osasun Zerbitzuak". Mankomunitateak ere bestelako gabeziak sumatu ditu lurralde antolamenduaren oinarri izanen den dokumentuan. Sakanan 0-3 urte bitarteko haurrendako ziklorik, elbarriendako zentrorik edo eguneko zentrorik ez dago eta Sakanako Mankomunitatea kexu azaldu da LAPen "hainbat zerbitzuri buruzko dokumentazio idatzia falta" delako. OndareaSakanako Mankomunitatea kexu azaldu da gobernuaren dokumentuan "gure ondare historikoari buruzko ikerketa sakona egin ez" delako. Ikerketak ondarea "mantendu, zaindu eta zabaldu ahal izateko" aukera emanen lukeela aipatu du mankomunitateak bere alegazioetan, eta, adibide bat jarri du: Sakanan barna Bordele eta Astorga arteko galtzadaren ibilbidea (gerora Donejakue bidea izan zena). Ondareari lotuta, Sakanako Mankomunitateak bere alegazioetan "interesgarritzat" jo du ibarrean "hiru interpretazio gune proiektatzea, trenbidea, etnografia eta naturari buruzkoak hurrenez hurren, hiru gai horiek eskualdean esanahi berezia baitaukate". Euskara ere hizpide da Sakanako Mankomunitateak LAPi aurkeztu dizkion alegazioetan. Mankomunitatearendako euskara "ez da kultur ondareari dagokion zerbait, besterik gabe. Komunikatzeko bide bat izateaz haratago, Nafarroako bi hizkuntza ofizialetako bat da, gure eskualdean dezente erabiltzen dena". Horregatik Sakanako Mankomunitateak euskara "zerbitzu publikoetako hizkuntza ofiziala" izatea eskatu du eta gabezien adibide gisa Lanbide Heziketa institutua jarri du. AntolaketaSakanako Mankomunitatea ere ez dago ados LAP-k ibarrerako proposatzen duen bi poloetako lurralde antolaketarekin. Mankomunitatearendako "kontuan izan behar da, bai lurraldea antolatzeko eta bai zerbitzuak ezartzeko Sakanan hiru azpi-eskualde daudela, esan nahi baita: Arakil (azpi-eskualdeko burua: Irurtzun); Aranatz (azpi-eskualdeko burua: Etxarri Aranatz); eta Burunda (azpi-eskualdeko burua: Altsasu)". Horregatik Etxarri Aranatz eta inguruko herriak aintzat hartzea eskatu du, "funtsezkoak baitira eskualdearen antolamenduan". Azkenik, Sakanako Mankomunitateak LAP-n jasotzen den Abiadura Handiko Trenaren puntuari ere alegazioa aurkeztu dio. Sakanako Mankomunitateak eskatu die egitasmoko sustatzaileei "ukituak diren udalei daukaten informazio guztia" helaraztea, "haiek eta herritarrek ezagutu dezaten".