batBIRAlau, euskal kulturaren Nafarroako zirkuitua

Guaixe 2007ko azaroaren 13a

batBIRAlau antolatzeko arrazoiez galdetuta, Topaguneko kideek esan zuten federazioa bera eta bere kide diren euskara elkarteen "helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, besteak beste, kulturgintza lantzen dute, kultur sormena zein haren kontsumo aktibo eta gozagarria bultzatuz". Gehitu zutenez, kideek "batera jardutea hobesten dute. Izan ere, zirkuituek aukera paregabea eskaintzen dute edozein ekimenen eremu geografikoa zabalduz haren eragina biderkatu eta jende gehiagorengana iristeko".  Horren adibide gisa jarri zuten Film Laburren Zirkuitua, Irakurri, Gozatu eta Oparitu edo Kultur Errota ekimenak. EgitarauabatBIRAlauk "ibilbide koordinatu eta erakargarria eskainiko du Nafarroako hainbat tokitan, eskualdeetako kultur dinamika indartu eta aberastuz". CANen bezeroek emandako "bultzadari" esker egin du bide eta Altsasu, Bera eta Lizarrako udalek zein Diario de Noticias eta Berria egunkariek eskainitako babesean sortu da zirkuitua. Igandean abiaraziko dute Garik eta Pettik Atarrabian eskainiko duten emanaldiarekin. Azaroaren 23an Altsasun Gu ta Gutarrak taldea izanen da. Beran, Logela multimedia taldeak Mokaua kontzertu-multimedia ikuskizuna emanen du azaroaren 30ean. Zirkuitua Benito Lertxundik itxiko du abenduaren 5ean, Lizarran.