Dantzaren harra hozkaka

Guaixe 2007ko azaroaren 15a

Dantzarako gogo hori bulkatuta dantzari izandako hainbat biltzen hasi dira. Dantzari izandakoen poz eta harridurarako, haiekin batera, oraingoz, 10 pertsona berri barneratu dira dantzaren munduan. 7 emakume eta 3 gizon dira dantzari berriak. Guztiak ere ostiralero 20:30ean eta larunbatetan 16:00etan biltzen dira Labadero eraikineko gimnastika gelan. Ziurtatu digutenez, nahi duen guztiarendako ateak zabalik daude, "orain baita momentu ezin hobea dantzatzeko, nahi edo txirrinta hori izan duenarendako. Guztiei ongi etorria eginen zaie". Dantzari arituak eta berriak daudenez, helburuak ere ezberdinak dira. Batzuek dakitena freskatzen duten bitartean, besteek hasieratik guztia ikasi beharko dute. Dantzarietako batzuk, gainera, astean zehar ere bilduko dira, haien kabuz aritzeko. Baina, bai batzuek bai besteek, guztiek gogotsu ekin diete entseguei. Hasierako gogo horri eusteko, gainera, motibazio ideia zenbait ba omen dituzte.