Literatur solasaldia Karmele Jaiorekin

Guaixe 2007ko azaroaren 19a

Karmele Jaio kazetaria da ikasketaz eta ogibidez. Hamabost zauri ipuin-bilduma izan zen bere lehenengo liburua, 2004an eta Zu bezain ahul ipuin-bilduma argitaratu du berriki. Literatur solasaldiaren ardatz izanen den liburua Beasaingo Igartza bekaren laguntzaz idatzia dago, eta iaz argitaratu zen. Amaren eskuakAma eta alaba protagonista dituen nobela da Karmele Jaiorena. Belaunaldien arteko ezberdintasun eta berdintasunak aztertzen ditu eta bizitzaren aurrean ez kikiltzeko deia egiten du baita ere. Nereak 35 eta 40 urte bitartean dauzka; noizbait maite izandako lana baina egun estresaturik daukana, egunkari batean; senar jator eta alaba zoragarria, zeinei ez dien eskaintzen behar luketen arretarik; eta istorio bat iraganean, oroimenetik erauzi nahi lukeena; eta ama ospitaleko ohean lo, inoiz esnatuko den jakin ezinik. Amaren historia ezkutuak jakingo ditu Nereak erietxean, eta horren haritik ohartuko da zenbateraino izan daitezkeen ezezagunak geure ondoan dauzkagunak, eta, aldi berean, zenbateraino izan litezkeen berdinak belaunaldi biren arazo eta kezkak, nahiz eta garaiak eta bizomoduak asko aldatu. Bizinahiaren aldeko aldarrikapena dakarkigu eleberri eder eta hunkigarri honek, bazter guztiak zipriztintzen eta blaitzen dituen itsasoaren enbatak bezala.