Kutzen proposamenek ez dituzte ez profesionalak ez hautetsiak ase bete

Guaixe 2007ko azaroaren 22a

KontseilariaMaria Kutzek esandakoaren arabera "profesionalen egoera hobetzeko aurki mediku berri bat hasiko da lanean. Ez da langile finkoa izanen, baina heldu den urtean lan eskaintza publikoa eginen dugu eta plaza aterako da.Zentroko profesionalek erabaki beharko dute medikuak goizez edo arratsaldez lan egitea nahi duen. Goizez ari bada bera bakarrik etorriko da. Arratsaldez aritzen bada, administraria eta erizaina ere kontratatuko genuke". Kontseilariak esandakoaren arabera Altsasuko osasun kontseiluak martxorako langile berri horren etorreraren eragina aztertuko du. Kutzek jakitera eman zuenez Nafarroako osasun etxeen beharrak jakinarazteko 30era arteko epea dago. Ondoren, "Nafarroa bere osotasunean hartuta ekinen" dela esan zuen. Larrialdi sistema berezitua, anbulantzia medikalizatua jartzea edo profesional gehiago ekartzeaz galdetuta, erantzun zuen "herrialderako estandar batzuk ezarriak daude eta horien arabera hartzen dira erabakiak. Altsasu ez da iristen". Aurreratu zuen, bestalde, aurki errefortzuko langileen lan baldintzak "hobetuko" ziztuztela. ErreakzioakAltsasuko osasun eskualdeko langileak ez zeuden batere pozik bileraren ondoren. Makina bat aldiz jakinarazi dizkiote Osasunbideari haien aldarrikapenak eta haietako batzuei emandako erantzuna "adabaki hutsa dira eta ez dute ez herritarren ez profesionalen behar eta premiak konpontzen. Populazioaren eskariei ez diote erantzuten eta lehen arretako taldearen lan baldintzak okertu besterik ez ditu egiten". Martin Mazkiaranek eta Txaro Otxandorenak, langileen izenean, azaldu zuten etorriko den mediku berriak 5 orduko lanaldia izanen duela. "goizez lan egiten badu zaintzak eginen lituzke. Arratsaldez ari bada ez". Adierazi zutenez kontseilariak eskaintzen diena "mixeria bat da. Baina ezin diogu ezetz esan. Mediku berria goizez ariko da. Horrela, gutxienez, zaintzak egin beharko ditu eta sendagileek tartekatuago izanen dituzte zaintzak. Gutxiago eginen dituzte. Baina erizainek berdin gelditzen gara". Ez zuten ulertzen departamentuak erizain gehiago ez ekartzeko kontuan izan dituen irizpideak. Errefortzuko medikuen kontratu hobekuntzaz galdetuta azaldu zuten "kontratu administratiboa da. Ez dute lan araudirik. Ez dira funtzionarioak". Langileen ordezkariek argitu zutenez, kontratu hobekuntza horrek ezberdintasunak sortzen ditu finko eta errefortzuzko langileen artean. Azken horiendako zaintzako orduak lanaldikoak izanen dira, langile finkoendako lanaldiaz aparteko lana da hori. Hala 31 orduko lanaldiak pilatzen jarraituko dute. Langileek, berriro, Tafallan duten moduko kanpo larrialdi zerbitzua eskatu zuten. Udala agintariakBileraren ondoren, UPN ez beste, udalean ordezkaritza duten gainontzeko alderdi guztiak bat zetozen mediku eta eraizainekin: Maria Kutzek proposatutakoa "adabaki hutsa da". "Adabaki horrek ez du konpontzen osasun etxeak duen giza eta baliabide gabezia larria konpontzen". Udaleko ordezkariek "legegintzaldi honetarako konpromiso zehatzak" eskatu zizkioten kontseilariari, Horien artean leudeke: aspaldi eskatutako osasun zentroa handitzeko eskaera eta osasun mentala, geriatria eta errehabilitazio espezialitateak. Altsasuko udaleko kideek gogorarazi zuten gutxienez badaramatela 5 urte osasun etxean beharrezkoa dena eskatzen. Horretan departamentuak laguntzeko borondatea dutela nabarmendu dute, baina konpromisorik jaso ez izanagatik kexu ziren. Udaleko ordezkariekin batera alkate ohi eta NaBaiko parlamentaria den Asun Fernandez de Garaialde Lazkano izan zen. Bilerak iraun zuen bitartean EAE-ANVko kideek esku orriak banatu zituzten "osasun zerbitzu duin eta kalitatezkoa eskatuz".