Gu ta gutarrak taldearen ikuskizuna gaur Altsasun

Guaixe 2007ko azaroaren 22a

Musika eta bertsoa batzean aurretik sortutako esperientziaren kopia baino, zerbait ezberdina sortzea zuten buruan, irekia, tokian tokiko eta egunean eguneko izanen zen ikuskizuna prestatu nahi zuten. Eta buruan zituzten eduki, itxura, eduki, musika eta bertsoei buruzko kezka guztiek kontzeptu batean sintetizatu zituzten: gu eta gure guak. Hortik aurrera taldeak bere bidea egin du. Hainbat herritan haien bertso kantak eman eta gero udazkenarekin batera Gu ta Gutarrak taldearen diskoa etorri da. Igor Elortzak eta Unai Iturriagak "amorruari zein bizipozari jarritako bertsoak dira lan horren oinarri, Josu Zabalak herri-musikatik abiatuz rockaren eragin nabariekin sorturiko doinuz jantzirik. Gutako bakoitzaren baitan bizi diren hamaika gutarrei buruzko bertso-kantak". Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioan antolatutako batBIRAlau kultur zirkuituaren barruan, gaur, 22:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean ezagutzeko aukera izanen da. Bestela, www.gutagutarrak.eu web orrira jo. UNAI ITURRIAGA Gu ta gutarrak emanaldia eskainiko duzue. Zer da "Gutartasuna"1 Unai Iturriagarendako? Gure barruan hainbat eta hainbat "gutar" daude. Gure baitan denok dauzkagun gu ezberdin horiei erreferentzia egiten dio gutartasunak.Egun batean zehar gure izaeran gu asko azaltzen dira eta honek homegenoak ez garela adierazten du. Gutartasun guzti horiek dira bertso sortetan agertzen direnak. Lagun zaharrak eta bertso berriak jarri diogu izenburua lan honi. Lagun zaharrak ekarri ditugulako gure lanera: Xabier Amuriza, Mikel Laboa, Marijaia.... 7 eskale taldetik zatozte Josu Zabala, Igor Elorza eta zu. Zer zaporerekin amaitu zenuten proiektu hura? Hau bestearen jarraipena izan da? Egiada Igor, Josu eta hirurok izan garela bi proiektu hauen ardatza hasieratik. 7 eskalerekin orain dela 8 urte amaitu genuen eta zapore gazi-gozoa utzi zigun horrek. Igor aritu izan da batez ere berriro elkartzearen ideiaren atzetik. Kontaktua izan dugu urte hauetan baina iazko udaberrian Josurenera joatea erabaki genuen bi bertsolariok. Abuztuan hasi ginen lanean eta 7 eskalerekin egin genuen ibilbidea aztertu eta handik ateratako ondorioekin eraiki dugu Gu ta Gutarrak. Zeintzuk dira 7 eskale eta Gu ta Gutarraken arteko ezberdinatsunak? Ezberdintasun nagusia proiektu hau bertsolariagoa dela da. 7 eskalen gu musikara gerturatze bat izan zen, oraingoan berriz musika dator guregana. Oraingo emanaldiei bertso kantu deitzen diogu. Oinarrian bertsoa dago. Doinuak hitzen ondotik egin dira eta hori izan da Josuk beti nahi izan zuena. A capella kantatzeko doinuak baitira. Bat batekotasunari toki gehiago ematen diogu, geure ohiko bertsogintzarekin lotuta. Orain arte ohiko bertso saioek betetzen zituzten plazak baina orain joera berriak nagusitzen ari dira. Betiko bertso saioek jarraituko dute plazak betetzen. Dena den, batak ez du bestea kentzen. Argi dago joera berriak sortzen ari direla eta hori seinale ona da. Gauzak sortzen ari dira eta honek bertsolaritzak bizirik dirauela erakusten du. Noiz hasi zineten Gu ta Gutarrak emanldiak eskaintzen?Otsailean zuzenekoak eskaintzen hasi ginen Korrika kulturalari esker eta 2008ko ekainean jarri dugu muga. Udan grabatzen aritu gara eta etenaldia egin dugu. Zer ikusiko dugu iluntzean "Gu ta gutarrak" saioan?11 bertso kantaz osatutako emanaldi bat da. Ekitaldi guztietan gutar gonbidatu bat gonbidatzen dugu eta azken momenturaino ez dugu esaten nor izango den. Beraz, emanaldi biribila izango da!! Hori espero dugu behintzat. Gutar guztiak gonbidatuta zaudete.