Trasteandoren elkartasun kontzertu bikoitza larunbatean

Guaixe 2007ko abenduaren 14a

Musikara zaletuak diren altsasuar horiek Malin HIESa gaitzaren kontrako egitasmo bat lagundu nahi dute. Accion contra el hambre gobernuz kanpoko erakundea da proiektua aurrera ateratzeaz arduratzen dena. Horregatik sarreretako irabazi guztiak horretara bideratuko dira. Trasteandoko kideez gain, hainbat musikariren laguntza izanen dute oholtza gainean. Honakoena hain zuzen: Andoni Zubillaga (teklatua eta akordeoia), Jorge Cordon (teklatua), Maite Larrea (akordeoia eta txirula), Jesus Irisarri (txistua eta tronboia), Josetxo Lumbreras (perkusioa) eta Iñigo Goikoetxea (baxua). Jorge eta Iñigo arduratuko dira soinuaz. DiskoaHorretaz gain, larunbatean bertan salgai jarriko dute prestatu duten elkartasun diskoa. CDa Trasteando taldearen laguntzaile izan zen Esther Irisarriri eskainita dago. Haiek jo eta kantatutako 16 piezekin osatutako diskoa Iortian bertan grabatu zuten, zuzenean. Kantuez gain, taldekideen lagun den Joseba Salegiren bideoa ere jasotzen da diskoan. Diskoa larunbatean bertan Iortian eskuratzerik ez duena, hurrengo egunetan herriko hainbat denda eta tabernetan opatuko du. Lan horrekin lortzen dituzten irabazi guztiak ere aipatu proiektua laguntzera bideratuko da. Elkartasun egitasmoaLarunbateko kontzertuek eta diskoaren salmenta Accion contra el hambre erakundearen HIESaren kontrako amak izena duen egitasmoa laguntzeko da. Mali iparraldean dauden Gao eta Kidal eskualdeetan oso zabalduta dago GIB/HIESa. Gaitz horri buruzko prestakuntza eta ezagutza eskasa dute hango biztanleek. Gobernuz kanpoko erakunde horren asmoa da gaitzaren sexu bidezko transmisioaren prebentzioa egitea, baita amarengandik seme-alabetara gaitza ez pasatzeko prebentzioa egitea ere. Horretarako sentsibilizazio eta prestakuntza jarduerak eginen dituzte. Horrekin batera, borondatezko probak egiteko bideak emanen dira. Osasun azpiegiturak hobetzeko baliabideak eman nahi dira ere eta, azkenik, elikadura hobetu nahi da. Egitasmoak 205.000 euroko aurrekontua du. 15 eta 25 urte bitarteko 24.000 gazteri eta haurdun dauden edo horretarako aukera duten 2.0000 emakumeri eragingo die.